Eta orain, makila hura topatu zuten leku berean, garai beretsuko beste apaingarri zintzilikario bat topatu dutela zabaldu dute agerkari berean, uztailaren 13ko datarekin. Apaingarri zintzilikarioak dira ehiztari biltzaileek Madeleine garaian gehien erabiltzen zituzten apaingarriak. Mendaroko Aizkoltxon topatu duten honek irudi figuratiboak eta ez figuratiboak ditu eta tamaina ertaineko animalia baten saihetsetik (sarrioa, oreina…) ateratako hezur-xafla batean eginda dago. Irudi figuratiboen artean orein baten aurpegia eta bi itsas zoomorfo antzeman daitezke, eta irudi ez figuratiboan, berriz, xingola eta marra sinpleak.
Dituen ezaugarriengatik duela 14/15.000 urtekoa dela diote ikertzaileek, Goi-Madeleine aldikoa. Aipatu dutenez aurkikuntza honen garrantzia ez datza horrenbeste piezaren berezitasunean, baizik eta Kantauri iparraldean (Valle eta El Pendo) eta Frantziako hegoaldean (Lortet, La Vache, Arancou eta Chaffaude) aurkitzen diren beste apaingarri batzuekin dituen antzekotasunean. Horrek adierazten baitu duela 16.500 eta 13.000 urte artean Europa mendebaldean bizi izan ziren taldeen artean lotura kulturala izan zela. Hau da, objektu honek erakusten du informazioa eta objektuak partekatzen zituztela hango eta hemengoek Goi-Madeleine garaian; harremantzen zirela euren artean, eta horrek balio handia du, esate baterako, garaiko gizarte antolamenduaz gehiago jakiteko.
- Informazio osoagoa 'Aizkoltxo, Debabarreneko karsteko atea' erreportajean (BARREN, 1193. zenbakian -2021-03-05-)