Bi gonbidatu berri jaietan

Barren.eus 2023ko abu. 16a, 11:50

Arantza Aginako eta Jon Lizarralde dira Elgoibarko erraldoi berriak. Haritz Dantza Taldearen 50. urteurrenaren harira ekarri dituzte, eta aurrerantzean, Aszensio Altzola eta Katalina Ibarrarekin batera osatuko dute Elgoibarko erraldoi eta buruhandien konpartsa. Aginakok eta Lizarraldek BARRENeko kameren aurrean ikusi zituzten estreinakoz euren irudira eginiko erraldoiak. Hona euren erreakzioak.

Erraldoien konpartsako erregea eta erregina zahartuta zeudela eta, bi erraldoi berritzeko asmoa zeukan Udalak azken urteetan. Haritz dantza taldeko kideak izan dira azken urteetan erraldoiak dantzan jartzearen arduradunak, eta aurten dantza taldearen 50. urteurrena ospatzen ari direnez, bi erraldoi berriak dantzariak izatea adostu zuten Udalarekin. Hasieran dantzari anonimoak izatea pentsatu zuten, baina azkenean erraldoi berriei Haritz dantza taldeko bi dantzari historikoren aurpegia jartzea erabaki zuten. Hortaz, Jon Lizarralde eta Arantza Aginako izango dira konpartsako erraldoi berriak. Errosarioko Amaren Ezpata Dantzarako arropekin jantzi dituzte, hori delako Haritzek egiten dituen dantzen artean herrirako propio sortua. Udalak 11.660 euro inbertitu ditu bi erraldoi berriok sortzeko. Uztailaren 21ean aurkeztu zituzten jendaurrean, eta San Bartolome jaietan irtengo dira berriro ere kalera.

Mikel Ibartzabal Beitia (Bergara, 1973) izan da Jon Lizarralde eta Arantza Aginakoren erraldoiak egin dituen artisaua. Jolas moduan hasi zuena lanbide bilakatu du, eta berak eginikoak dira Mauxi txikia eta buruhandi berriak ere. Taupada antzerki taldearentzako lanak ere eginak ditu. Bideoaren amaieran duzue Ibartzabali bere ibilbideaz eta erraldoiak egiteko prozesuaz eginiko elkarrizketa.