Zapatu honetan, irailak 16, hasiko dituzte AP-8 autobideko Mendaro eta Deba arteko bide-zatiaren zorua berritzeko lanak. Hori dela eta, larunbatean 16:30etik hasi igandean 14:00ak arte, Donostiarako noranzkoan, 61,000 eta 57,900 kilometro-puntuen arteko galtzada itxita egongo da, bi erreien eta bazterbidearen egungo geruza fresatzeko lanak egingo dituztela-eta, 3,1 kilometroko tartean. Bitarte horretan, zirkulazioa Bilborantzko noranzkoan prestatuko duten sahiesbide batetik desbideratuko dute.
Lanok trafiko-intentsitate handia duten bideetan egingo dituztenez, eragina minimizatuko duten hainbat neurri hartuko dituztela jakinarazi dute Aldunditik. Horrela, AP-8 eta GI-20 errepideetan, desbideratzeak asteburuetan egingo diuzte, eta errei-mozketak berriz, astelehenetik ostiralera bitartean, 11:00etatik aurrera edo gauez, puntako orduak saihesteko.
Berritze hau zoruak berritzeko proiektuaren barruan egingo dute. Hurrengo bi urteetan 18 errepide zati birgaituko dituzte, AP-8 eta AP-1 autobideetan eta GI-20 errepidean. Bidegik 6,2 milioi euroko (+BEZ) aurrekontua izango du lanok gauzatzeko.