Zuhaitz ondarea zaintzeko, hobetzeko eta zabaltzeko ordenantza osatu du estreinakoz Elgoibarko udalbatzak. Jendaurrean jarri dute, eta alegazioak aurkezteko epea azaroaren 23an amaituko da.
Udaletik jakinarazi dutenez, ordenantza berriaren helburua da Elgoibarko berdeguneetan, espazio libreetan eta bide publikoetan dagoen udal-zuhaiztia kudeatzea eta babestea, "bertako natura, historia, kultura eta hiri-ondarearen zati den aldetik, eta kudeaketa eta kontserbazio egokirako arauak ezartzea; eta, baita debekatutako eta zigortzekoak diren jarduerak zehazteko ere".
Araudi berriak hiri-lurzoruan kokatutako Elgoibarko zuhaitz guztiei eragingo die, zehazki hiri-parkeei, berdegune publikoei, erabilera publikoko eta udal-mantenimenduko berdegune pribatuei eta Udalari mantentzea dagokion ekipamendu komunitario ororen berdeguneei.
Udaletik zehaztu dute arreta berezia jarriko dutela ingurune bakoitzerako zuhaitz-espezie egokiak hautatzerakoan. Gainera, aldizka zuhaitzen kontrolak egingo dituzte ordenantza honen aplikazio-eremuaren barruan, "arazo fisiologiko, patologiko edo egonkortasun-arazoak detektatzeko eta konpontzeko".
Era berean, ur gutxi behar duten espezieak hobetsiko dituzte landaketa berriak egiterakoan. Ureztatze-sistemak, erabiltzekotan, "eraginkorrak" izan beharko dira, "ura aurrezten laguntzen dutenak". Ahal dela, ureztatzea zuhaitzaren oinarrian dagoen tanta-jario programagarriaren bidez egingo dutela jaso dute behin behineko ordenantzan. Era berean, hirigintza-proiektuen diseinuan kontuan hartuko dute lehendik dagoen zuhaiztia, proiektu horiek egokitzen saiatuz, ahal den neurrian zuhaitz horiek moztea edo kentzea saihestuz.
Udalak nabarmendu du Elgoibarko hiri-zuhaiztia elementu bizia dela, herritarrengandik hurbil dagoena, eta "ingurumen, estetika eta botanika-balio handia ematen dien bilbe berde baten parte" dela. "Ezinbesteko elementua da Elgoibarko paisaian eta bizitzan, eta halakotzat hartu behar da, norbanakoaren eta gizartearen ongizaterako funtsezko elementua baita, eta haren babesak, kudeaketak eta plangintzak eskubideak eta betebeharrak dakarzkie guztiei".
Zuhaitzek klima-aldaketa arintzeko eta airearen kalitatea hobetzeko duten gaitasuna eta garrantzia ere azpimarratu dute Udaletik. "Zuhaitz handiak iragazki bikainak dira hiriko kutsatzaileentzat eta partikula finentzat, hala nola hautsa, zikinkeria edo airearen kea, eta hostoetan eta azalean harrapatzen dituzte. Ikerketek erakusten dutenez, hiriko berdeguneetatik gertu bizitzeak eta gune horietara iristeak osasun fisikoa eta mentala hobetu ditzake, presio arterial altua eta estresa murrizten baititu. Horrek, aldi berean, hiri-komunitateen ongizateari laguntzen dio. Ingurumen-zarata murrizten du, eta kutsadura akustikoa minimizatzen laguntzen du, bai benetakoa bai pertzepziozkoa, zuhaitzen adaburuak eragiten duen hesi-babesagatik".
Horregatik guztiagatik, Udalak ezinbestekotzat jo du udal esparruan arautegi bat sortzea zuhaitzen babes-irizpide orokorrak finkatzeko eta etorkizuneko jarduerak bideratzeko. "Ildo horretan, esparru orokor horretatik aurrera berariazko babesak gara daitezke eta lotura-maila desberdinak ezar daitezke, hiri-lurzoru finkatua, finkatu gabea, urbanizagarria edo urbanizaezina dena kontuan hartuta".
Ondorioz, Udalak premiazkotzat hartzen du Elgoibarko hiri-zuhaitzen zaintza eta babes berezia, bai eta zuhaitzen sustapena eta hobekuntza bermatuko duten neurriak abian jartzea ere.
∞Lotura duten albisteak: