'Itsatsita' antzerki musikala taularatuko dute gaur, Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko aza. 17a, 09:05

Demode Produkzioak taldeak Itsatsita antzrki musikala taularatuko du gaur Elgoibarko Herriko Antzokian. Ainhoa Aierbe, Maria Redondo eta Xanti Korkostegi izango dira aktore protagonistak, eta antzerkia kantuarekin uztartuko dute. 19:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude Herriko Antzokiaren webgunean. 

 

 Neska batek eta mutil batek diskoteka batean elkar ezagutzen dute eta kimika sortzen da. Gauza batek bestea dakar: baietz, ezetz… eta azkenean baietz: sutsuki enroilatzen dira bainu batean. Nori ez zaio gertatu? Baina istorio hau ez da amaitzen gazteen, musikaren eta alkoholaren gaueko istorio asko amaitzen diren bezala: gure protagonistek espero ez zuten arazo txiki batekin egingo dute topo. Medikuek «penis captivus» deitzen diote, eta topaketa sutsu honen amaiera ez da bainu batean izango, ospitale bateko larrialdi-gelan baizik.  Mutila eta neska, hitzez hitz itsatsita egongo direnez, elkar ulertzera eta elkar ezagutzera kondenatuta egongo dira Larrialdietako Boxean itxaronaldi luze horretan. Itxaronaldia tentsioz betea, zirraragarria eta oso komikoa izango da, baina batez ere… musikala!

ETBko hiru aktore ezagun sartuko dira antzerkiko protagonisten azalean: Ainhoa Aierbe, Maria Redondo eta Xanti Korkostegi. Ainhoa Aierbe Goenkalen egin zen ezagun, eta Maria Redondo eta Xanti Korkostegi Goazen telesailetik irtendako aktoreak dira. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak salgai daude Herriko Antzokiko webgunean. Lehiatilan bertan erosteko aukera ere egongo da.