Txapelketa hau behin baino gehiagotan irabazi duen Angel Ibarluzea elgoibartarra irabazlearen txapela janzteko aukera handiekin heldu zen azken jardunaldira, abantaila dotorea pilatuta. San Migel taldeko bolariak 22 txirlo bota zituen aurrez jokatutako bost jardunaldietan, azken jardunaldira sailkapen nagusiko bigarren postuan ailegatu zen Sergio Rodriguez eibartarrak baino bost txirlo gehiago. Bolari eibartarrak, baina, Lasturko azken tiraldia irabazteaz gainera, sailkapen nagusia irauli zuen. Plenoa egin zuen Lasturren, hiru tiraldietan bederatzi txirlo botata. Hala, 26 txirlo bota ditu guztira txapelketan, inork baino gehiago, eta bere burura joan da aurtengo txapela. Ibarluzeak hiru txirlo bota zituen Lasturren eta Rodriguezengandik txirlo bakarrera gelditu da sailkapen nagusian, txapeldunorde. Markina-Xemeingo MX3T taldeko Lander Odiagarentzat izan da hirugarren postua, 22 txirlorekin.
Emakumezkoetan sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi zion San Migel taldeko Aitziber Olaizola elgoibartarrak. Txapelketa hau irabazi zuen lehen emakumezkoa izan zen Olaizola 2021ean. Aurtengo txapelketan 15 txirlo bota ditu guztira, Isana Gorosabelek eta Olatz Rodriguezek baino hiru gehiago.
Gazteetan Julen Uranga izan da onena, infantiletan Manex Astola, alebinetan Izadi Elorza eta benjaminetan Luken Martino. Nagusietan, Bittor Astigarraga nagusitu da. Bikoteka dagokionez, Angel Ibarluzeak eta Xabier Loiolak osatutakoak irabazi du eta taldeka Asola Berri A taldeak.
Argazkiak: Euskal Herriko Hiru Txirlo Federakuntza