Debegesaren deialdi irekia bailarako artistei Gure Balioak Sarietarako garaikurra hautatzeko

Egoitz Unamuno 2024ko mai. 10a, 08:00

Julen Zabaleta marrazkilaria 2018ko Gure Balioak saria jasotzen, Felix Etxeberriaren eskutik, Mallabian egindako ekitaldian.

Debegesak Gure Balioak sarietan “Bizitza osoko ibilbidea” kategorian eman ohi duen sari fisikoa aldatu egingo da aurten eta berria aukeratzeko, Debegesak eskualdeko artistei zuzendutako deialdi irekia egin du hala nahi duten artistek euren piezak aurkeztu ditzaten hautagai izateko. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24ra arte dago zabalik. 

Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak,  bi urtetik behin antolatzen ditu Gure Balioak sariak. Orain arte, eskualdean "gizarte-balioen sustapenean" nabarmendu den pertsona edo entitatea saritu eta aitortu izan du publikoki, "jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik" ere. Alabaina, aurten lehenengo aldiz, hiru kategoria sarituko ditu: bizitza osoko ibilbidearena, proiektu sozialarena eta gizarte ekimenarena.

Deialdi irekia bailarako artistei

Aurtengo edizioan, Debegesak lehenengo kategorian, bizitza osoko ibilbidearen atalean, irabazleari ematen dion sari fisikoa aldatu egingo du eta berria aukeratzeko, sorkuntza artistikoak aurkezteko deialdia ireki du eskualdekoak diren nahiz hemen lan egiten duten artistei zuzenduta. Interesa dutenek formulario hau bete behar dute eta bertan gehitu egingo luketen piezaren diseinuaren bozetoa edota ideia.

Maiatzaren 24ra arte egongo da irekita hautagaitzak bidaltzeko aukera eta data horretarako nahikoa da lanaren zirriborroa edo diseinua soilik eginda izatea. 

Lanak aurkezteko bete beharreko jarraibideak eta puntuatzeko erabiliko diren irizpideak ezagutu nahi izanez gero, kontsultatu Debegesaren webgunean

Orain arte erabilitako garaikurra, Juan Luis Baroja Colleten diseinua.