'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzerkia Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2022ko aza. 8a, 11:11

Kamikaz kolektiboak sortutako antzezlana da 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi'. Aste honetan Elgoibarren zein Mendaron taularatuko dute.

Hiru emakume, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?. Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatuko dira obran. Izan ere, aktoreen jolas etengabearen eta umorearen bitartez hainbat gai jorratuko dituzte: fikzioaren eraikuntza, maitasun erromantikoa, ahalduntze prozesuak eta ahizpatasuna. Erika Olaizola, Iraia Eliase eta Amancay Gaztañaga dira 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanaren sortzaileak, zuzendariak eta antzezleak.

Azaroaren 11n, barikua, Elgoibarko Herriko Antzokian taularatuko dute 19:00etan, eta hurrengo egunean, zapatuan, Mendaroko San Agustin kulturgunean, 17:00etan. Elgoibarko emanaldirako sarrerak salgai daude herrikoantzokia.eus webgunean, eta Mendaroko saioa doan izango da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira Morroskilon. Antzezlanak 70 minutuko iraupena du.