Santa eskean irten dira Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2015ko ots. 7a, 20:29

Eguraldiak hala behartuta, Elgoibarko Izarrako Santa Ageda taldeak kantuan eta eskean ez irtetea erabaki zuen Santa Ageda Bezpera egunean, otsailaren 4an. Gaur, aldiz, hotz handia egiten zuen arren, arazorik gabe irten ahal izan dute kopla kantura. Bai Etxegiña taldekoek Elgoibarren, eta baita Mendaron irten diren hiru taldeek ere. (argazki bilduma dauka)

 Iaz, makila esku batean eta aterkia bestean ibili ziren santa eskean, bai Etxegiña taldekoak eta baita Mendaron santa eskean irten ziren lagunak ere. Aurten hotz egin du baina eguraldia ez da oztopo izan, nahiz eta Mendaron elurtuta topatu dituzten baserri bide asko.
Santa Agedak oihartzun handia izan du beti euskal kulturan, eta Elgoibarko kasuan, gainera, garrantzia berezia du jai honek. Etxegiñaren taldea 1925. urtetik irteten da eskean, eta Elgoibarko Izarrak ere 1993an berreskuratu zuen otsailaren 4an baserriz baserri kantatzeko ohitura zaharra. Juan Carlos Etxegoien Xamar euskaltzalearen esanetan, Elizak Santa Ageda jaiaren zergatiak bere ikuspegitik azaldu aurretik ere, bazegoen zerbait gurean. Ez dakigu zergatik egiten zen, baina badakigu Santa Ageda gaua kanpaiak jotzen pasatzen zutela emakumeek. Eta baserritarrak, berriz, adi-adi egoten omen ziren kanpai hotsen oihartzuna nondik zetorren entzuteko. Izan ere, oihartzuna zetorren tokitik, udan ekaitza etorriko zela uste zuten. Gainera, garai batean emakumeak bakarrik irteten omen ziren eskean Santa Ageda bezperan.

ARGAZKIAK: Santa eskea Elgoibarren eta Mendaron