Elgoibarko finalerdian bigarren postua eskuratuta sailkatu da finalerako Hodei Ezpeleta

Barren.eus 2022ko ira. 28a, 08:08

Aizkolari bakoitzak sei pago enbor ebaki zituen: bi kanaerdiko (54 ontza), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontza). Jokin Urretabizkaia "Basozabal" izan zen lanak amaitzen azkarrena. Aizkolari donostiarrak 20 minutu eta 55 segundo erabili zituen lanak buikatzeko. Basozabalek Hirugarren Mailako Euskal Herriko aizkora txapelketa irabazi zuen iaz, Donezteben, eta aurten estreinakoz arituko da Lehen Mailako finalean. Zapatuan jokatu zuten Euskal pentatloiko finalean parte hartzeari uko egin zion donostiarrak, Olaizaga kiroldegian jokatutako finalerdian baldintza onenetan lehiatu ahal izateko, eta bete betean asmatu zuen. Hodei Ezpeleta mendaroarra sailkatu zen bigarren, 21:51ko denbora eginda, hau da, irabazleak baino 56 segundo gehiago. Hala, egungo Euskal Herriko txapeldunak titulua defendatzeko aukera izango du azaroaren 27an Bilbon jokatuko duten finalean. Txapelketara "fresko" ailegatu dela adierazi zion Ezpeletak BARRENi, finalerdiaren aurkezpenean.

Joxean Etxeberriak egin zuen hirugarren Elgoibarren (24:47), eta Xabier Zaldua (25:45) sailkatu zen laugaren. Txapelketako egungo txapeldunordea da Zaldua eta badu meritua aurtengoan ere finalerako sailkatu izanak, hamabi ordu lehenago Euskal pentatloiaren finalean lehiatu baitzen. Luis Mari Txapartegik (26:59) eskuratu zuen bosgarren postua, eta Iban Resanok (27:19) seigarrengoa. Sei aizkolariok jokatuko dute finala, Miribillan. Finalerako txartelik gabe gelditu ziren Elgoibarren azken lau postuak eskuratu zituzten aizkolariak: Oier Kañamares, Xuban Kañamares, J.J. Lopez Azpilikueta eta Alvaro Garcia. Harmailetan 300 bat ikusle batu ziren aizkolarien arteko lehia zuzenean ikusteko.

Finalerdiko sailkapena (beltzez finalerako sailkatuak)

  1. Julen Urretabizkaia 20:55
  2. Hodei Ezpeleta 21:51
  3. Joxean Etxeberria 24:47
  4. Xabier Zaldua 25:45
  5. Luis Mari Txapartegi 26:59
  6. Iban Resano 27:19
  7. Oier Kañamares 27:45
  8. Xuban Kañamares 28:06
  9. J.J. Lopez Azpilikueta 31:14
  10. Alvaro Garcia 33:33

2022 09 25 Aizkolari txapeleta euskal herria finalerdia elgoibar olaizaga

∞Lotura duten albisteak: