Ondare historiko-artistikoa babesteko eta kontserbatzeko hitzarmena adostu dute Udalak eta San Bartolome Parrokiak

Barren.eus 2022ko mar. 28a, 16:11

Parrokiako ondare historiko-artistikoan aurten egingo dituzten konponketa, mantentze eta hobekuntza-lanak diruz laguntzeko hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta San Bartolome parrokiak.

Herriko ondare historiko-artistikoa babestu eta kontserbatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak 14.000 euroko diru-laguntza emango dio San Bartolome parrokiari. Udaletik azaldu dutenez, era askotariko ondare historiko-artistikoa eta erlijiosoa du parrokiak, San Bartolome elizan eta San Bizente-San Roke, Done Laurenti (San Lorentzo), Done Mikel (San Migel) eta Done Petri (San Pedro) ermitetan banatuta. Eraikin horiek guztiak Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ageri den kultur ondasunen Katalogoan jasota daude, eta babes maila desberdinak dituzte. Aipatutako tenpluez gain, San Antolingo kaperaren barrualdean, Sigmako Santiago elizan eta Santa Maria Magdalenaren ermitan balio historiko-artistikoa duten irudiak eta elementu higigarriak ere badaude.

2022 03 28 san bartolome eliza elgoibar BARREN