Zenbait lurpeko edukiontzi lurrazalekoengatik ordezkatzeko lanak hasiko dituzte eguaztenean

Barren.eus 2021ko ira. 20a, 17:57

Irailaren 22an, eguaztenean, hasiko ditu Mankomunitateak Elgoibarren lurpeko hainbat edukiontzi aldatzeko lanak, eta urriaren 20rako amaitzea aurreikusten dute.

Mallabian, Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun lurpeko 52 edukiontzi kendu eta lurrazalekoak jarriko dituzte. Aipaturiko lehen herrietan aldatu dituzte dagoeneko eta Elgoibarko lurrazpiko edukiontziak ordezkatzeko lanak eguaztenean hasiko dituzte. Gastuak murriztu nahi dituzte, eta era berean, zerbitzua hobetu. Lurpeko edukiontzien mantentze lanek kostu handiagoa dute. Iaz, esaterako, 151.673 euro bideratu zituen Debabarreneko Mankomunitateak lurpeko edukiontziak konpontzera, eta 89.078 euro haien mantentze lan prebentibora. “Mekanismo mekaniko eta elektronikoen bidez funtzionatzen dutenez, erraz hondatzen dira hezetasunarekin”, azaldu dute Mankomunitatetik. Konpondu bitartean, lurrazalekoak jarri behar izaten dituzte haien lekuan, eta espazio publikoaren zati handi bat erabili ezinda gelditzen da. Kenduko dituzten lurpeko edukiontzien ordez jarriko dituztenak “herritarren egunerokotasuna oztopatuko ez duten tokian” jarriko dituztela nabarmendu dute eta “estetikoki homogeneoak” izango direla. Aldaketa horrek langileen lana ere erraztuko duela zehaztu dute, edukiontziak irisgarriagoak izanda azkarrago egin ahal izaten dutelako lana.

•Elgoibarko lanen kronograma
Irailaren 22an eta 23an, San Roke 10-12ko edukiontziak aldatuko dirtuzte. Lanak egiteko zenbait aparkaleku erabiliko dituzte kiroldegiaren ondoan, irailaren 22ko goizetik irailaren 24ko eguerdira arte.

Ondoren, Santa Ana kaleko 11. zenbakiko edukiontziak aldatuko dituzte, eta gero Ermuaranbidekoak. Urriaren hasieran Santa Ana kaleko 30. zenbakiko edukiontziak aldatuko dituzte, eta Santa Klara kaleko 30. zenbakiko edukiontzien txanda izango da gero. Pedro Mugurutza etorbideko 6 eta 30 atarietako edukiontziak izango dira aldatzen azkenak.

Elgoibarko lanak amaitu ondoren, Mutrikukoak hasiko ditu Mankomunitateak.

2021 09 19 lurpeko edukiontziak sanroke olaizaga