Maite Franko ipuin kontalariaren saioa liburutegian

Barren.eus 2015ko mar. 3a, 13:54

Egitarau oparoa antolatu dute Elgoibarren Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Hasteko, gaur (martxoak 3), Maite Franco ipuin-kontalaria etorriko da Gotzon Garate Udal Liburutegira, Filomena musugorri errege eta beste ipuin batzuk saioa eskaintzera. 

Maite Franko ipuin kontalariak bi saio emango ditu: 17:00etan, HH5eko haurrentzat, eta 17:30ean, LH1, LH2 eta LH3ko haurrentzat. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintza gehiago ere izango da asteon. Hala, martxoaren 6an, barixakuan, Hika antzerki konpainiak Palabras antzezlana eskainiko du Herriko Antzokian (20:30). Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak antolatu du. Gaztelaniaz izango da. 

• Bisita kulturala, zapatuan

 Martxoaren 7rako, berriz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, goizean, 11:00etatik 12:30era bitartean, hala nahi duen orok bisita kulturala egingo du herrian barrena, Pello Arrieta historialariarekin. Ondoren, 13:00etatik 14:00ak bitartean, soinu-kontzertua emango du Sustrai akordeoi taldeak Kultur Etxeko sotoan, eta ordu erdi beranduago, 14:30ean, aurrez izena emandako emakumeek elkarrekin bazkalduko dute Sigma jatetxean – Interesatuek Pitxindun eman behar dute bazkaritarako izena–, eta bazkalostean, antzerkia, olerkiak eta dantzak izango direla iragarri du Haizea emakume taldeak. 

Martxoaren 8rako, ohi legez, elkarretaratzera deitu du Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak. Kalegoen plazan izango da elkarretaratzea, 13:00etan, eta Beinke bertso-eskolako ikasleek bertsoz girotuko dute.

• 'Emakumeak txuri urdinez' erakusketa

 Bestalde, Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak eta Herri Eskolako Kalamua guraso elkarteak Emakumeak txuri urdinez izenburuko erakusketa antolatu dute, Realarekin elkarlanean. Joan den barixakuan zabalduko zuten, eta martxoaren 22ra arte egongo da zabalik. Kultur Etxeko erakusketa gelan dago erakusketa eta bi ordutegi izango dira: astebarruan: 18:30etik 20:30era, eta jaiegunetan: 12:00etatik 14:00etara.

2015 03 03 emakumeakrealean0