‘Free Otegi, Free Them All’ kantua aurkeztu dute

Barren.eus 2016ko urt. 19a, 10:32

Free Otegi - Free Them All kanpainaren barruan hainbat euskal artistek elkarlanean osatu duten abestia eta bideoklipa aurkeztu berri dituzte gaur goizean. Jon Gurrutxaga eta Uxue Alberdi elgoibartarrak daude parte hartu duten abeslarien artean. (bideoa dauka)

Elkarlanean jardun dute hainbat euskal artistek Free Otegi - Free Them All kanpainaren baitan abesti hau osatzeko. Kanpainaren izenburu bera daramaten abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte gaur eta helburua mundu osora “askatasun aldarria” hedatzea dela adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. Euren berbetan Euskal Herriko bazter guztietan entzungo den abesti bat sortzea izan da asmoa eta mundu osora lau hizkuntzatan aldarri berbera hedatzea. “Gizatasunagatik. Justiziagatik. Garaile eta garaiturik gabeko irtenbidean sinesten dugulako. Bakearen aldeko apustua egiten dugulako. Horregatik Arnaldo Otegiren askatzea eta presoen Euskal Herriratzea eskatzen ditugu”. Modu horretan azaldu zuten proiektua finantzatzeko Karena plataforman sortutako ekimenean. Helburua beteta itxi zuten pasa den astean finantzaketa kanpaina.

Bideoklipa TAOM produktorak ekoitzi du, Karlos Trijuequeren zuzendaritzapean. Abestiari dagokionez Joserra Senperena aritu da konposizio eta produkzio lanetan. Edorta Jimenezek egin ditu hitzak eta musikari eta abeslarien artean honakoa da parte hartzaileen zerrenda: Sorkun Rubio, Furia, Ines Osinaga (Gose), Maite Arroitajauregi (Mursego), Joseba Tapia, Francis Diez (Doctor Deseo), Niko Etxart, Unai Iturriaga, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Asier Serrano, Jon Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Petti, Oier Aranzabal (Lou Topet), Xabi Solano (Esne Beltza), Rafa Rueda, Karlos Aranzegi, Migel Artieda eta Iñigo Egia. 

Ikus bideoklipa: