Zumaiara irteera eta gimnasia mentaleko ikastaroa antolatu dituzte Jubilatuen Biltokikoek

Barren.eus 2021ko ira. 29a, 05:51

Urriaren 11rako antolatu dute txangoa. Zumaiako flyscha ikusiko dute, lurretik eta itsasoz.

Ondoren, 14:30ean, Zumaiako jubilatuen tabernan bazkalduko dute (Beheko plazan). Txangora joan nahi duten bazkideek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, 35 euro. Elgoibartik Zumairako joan-etorria trenez egingo dute. 8:20ko trena hartuko dute Elgoibarren, eta ordurako iristea eskatu dute, trenak ez duela itxaroten ohartarazita.

Bestalde, eta urtero bezala, gimnasia mentaleko ikastaroa ere antolatu dute bazkideentzat. Astean ordubeteko ikastaroa izango da eta hiru talde osatuko dituzte: martitzenetan, 15:30etik 16:30era; eta eguenetan, 15:30etik 16:30era lehehengo taldea eta 16:45etik 17:45era bestea. Lehenengo saioak urriaren 5ean eta 7an izango dira. Hala ere, eta jendea animatzeko asmoz, ateak irekitzeko egun bat ere antolatu dute urriaren 6rako (17:00etan), Jubilatuen Biltokian. Gela ezagutu eta ikastaroan zer eta nola lantzen duten ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Ikastaroan izena emateko, edo informazio gehiago jasotzeko, ondorengo telefono zenbakira deitu behar da: 690 795 825.