Elgoibarko baserri batean marihuana plantazioa atzeman du Ertzaintzak, eta bi lagun atxilotu dituzte

Barren.eus 2021ko eka. 11a, 14:40

Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen atzo, "osasun publikoaren aurkako delitua" leporatuta, Elgoibarko baserri baten barruan zegoen marihuana-plantazio baten kargura egoteagatik.

Ertzaintzak adierazi duenez, baserri barruan 80 bat marihuana-landare aurkitu zituzten loretan, bai eta landareak barruan hazteko instalazio osoa ere. Horrez gainera, beste gela batean moztu berriak ziren 300 marihuana-landare atzeman zituzten. "Goiko aldean marihuana xehatua zuten hainbat plastikozko poltsa zeuden, bai eta substantzia marroi prentsatu baten (haxixa) tableta batzuk eta doitasun-balantza bat ere", azaldu dute.

Ertzaintzatik azaldu dutenez, Eibarko Ertzain-etxeko landa-patruila bat Elgoibarko baserri batera hurbildu zen atzo, 17:00etan, eginbide judizialekin zerikusia zuten kudeaketa batzuk egitera. Polizia baserrian zegoen bikote batekin hizketan ari zenean, baserri barrutik marihuana-usain handia zetorrela iruditu zitzaien agenteei, eta barrura sartzeko baimena eskatu zioten bikoteari. Hala, barrualdea mihatu eta atzemandakoak atzeman ostean, bi pertsonak atxilotu zituzten "droga-trafikoaren modalitatean osasun publikoaren aurkako delitu bat" leporatuta. Ertzain-etxera eraman zituzten dagozkion eginbideak irekitzeko. Gaur goizean biak Eibarko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dituztela gaineratu dute.

2021 06 11 ertzantzak marihuana plantazioa Elgoibar inst2

2021 06 11 ertzantzak marihuana plantazioa Elgoibar atzemandakoa

 Lotura duten albisteak: