Etxeko animalientzako material bilketa antolatu dute Elgoibarko Gaztelekuko nerabeek

Barren.eus 2021ko mai. 21a, 09:28

Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartea laguntzeko material eta elikagai bilketa antolatu dute Elgoibarko Gaztelekuko nerabeek. Zapatu goizean King Kong parean egongo dira etxeko animalientzako materiala biltzen.

Gaztelekutik jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartekoek honako material eta elikagaien beharra du: tapakiak, izarak, eskuoihalak, txakurrentzako berokiak, egunkari zaharrak, katuentzako hazkagailuak, jostailuak, ogi gogorra eta txakurrentzako oheak, besteak beste.

Joan den maiatzaren 15ean etxez-etxeko bilketa egin zuten, eta zapatuan (maiatzak 22) materiala batzeko postua ipiniko dute King-Kongen, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Edonola ere, eskatutako materialak eman nahi dituztenek maiatzaren 28ra arte izango dute horretarako aukera, Gaztelekuan ipini dituzten bilketa-kaxetan, hain zuzen. Gabriel Kurutzelaegi kaleko 4. zenbakian dago Elgoibarko Gaztelekua.

Pandemiaren egoerak animalien zaurgarritasuna ere areagotu duela azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. "Egoera ekonomikoak txarrera egin ahala, animalien abandonua ere hazi egin da, eta horregatik nahi ditugu animatu herritarrak animalientzako materialak ematera", azaldu dute.

Batutako materiala Usurbilen dagoen Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartearen egoitzara eramango dute gero Elgoibarko Gaztelekuko nerabeek eurek, eta hala elkarteak egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

2021 05 21 animalientzako material bilketa elgoibar gaztelekua kartela