Deba ibaiko zentral elektrikoetako presetan pilatzen den zaborra kudeatzeko sistema berria ipintzearen aldeko mozioa onartu dute

Barren.eus 2021ko mai. 4a, 18:00

Maltzaga eta Elgoibar artean, Deba ibai ertzean, dauden hiru zentral elektrikoetako presek zaborra kudeatzeko sistema bat dute, baina sistema hori ez da egokiena Elkarrekin-Podemos alderdiak udalean aurkeztu zuen mozio batean azaltzen duenez. Mozioa onartu du udalbatzarrak eta sare bidezko sistema berri bat ipintzea proposatu dute.

Zentraletako presetan polea handi bat dago, eta makina honek uretan dauden hondakin solidoen galbaea egiten du orrazi moduko sistema bat erabiliz. Hala, orrazi sistema horrek batzen ditu ibaiak dakartzan plastikozko ontziak eta beste hainbat zabor, baina ur zurrusta batek ibaira itzultzen ditu berriro orrazian batutako zaborrak.

"Azken hilabeteetan hainbat bidetatik jakinarazi digute zaborrak kudeatzeko modu hori ezegokia dela guztiz, eta horregatik aurkeztu genuen mozioa Udalean, herritarren izenean", azaldu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Evaristo Rodriguezek. Mozioan bertan aurkeztu zuten zaborrak behar bezela batzeko irtenbidea ere. "Aukera oso egokia izan daiteke sareak ipintzea. Hainbat lekutan erabiltzen den sistema da eta emaitza onak ematen ditu. Horren harira onartu dute ez dagoela %100eko atxikipena ahalbidetzen duen kalibreko sarerik, baina orraziaren kalibre berekoa erabiltzea nahikoa litzatekeela uste dute.

Hori dena kontuan hartuta, mozioan jasota dagoenez, honakoa eskatu diote Udalean ordezkaritza duten gainerako taldeei: "URAri, Uraren Euskal Agentziari eska diezaiola dauden ur-jauzi hidraulikoen aprobetxamenduen baldintza gisa jaso dezala Elgoibarko zentral hidroelektrikoetan sortutako hondakinak biltzeko aukera emango duten sistemak jartzea, hartara, ibaitik igarotzen diren hondakinen parte bat kentzeko”.
Mozioa aho batez onartu zuten udalbatzarrean.

2021 05 04 orrazia presa zentralelek debaibaia podemos

2021 05 04 hondakinak presa elek maltzaga

2021 05 04 polea zentral elektrikoa zaborrak elgoibar herrieskola

2021 05 03 presa deba ibaia maltzaga

2021 05 04 sareak presarako podemos proposatutakoak