Urazandiko auzo elkarteak Gabonetako postal aldarrikatzailea sortu du

Barren.eus 2020ko abe. 11a, 10:28

"Jai zoriontsuak, osasuna eta irisgarritasun berria opa dizuegu" dioen Gabonetako postala sortu dute Urazandiko Auzo Elkarteko kideek. Herritarrak zoriontzeaz aparte, aldarrikapen eta umore ukitua du postalak.

Urazandirako beharrezkoak diren proiektuak, postalean irudikatu duten zubi berria esaterako, kontuan izan daitezen sortu dutela azaldu dute Urazandiko auzo elkarteko kideek. Eta nabarmendu dute zubi berria egiteko proiektuak herritar guztiei egingo diela mesede, ez bakarrik Urazandiko bizilagunei, "herriak ez baitu bertan dagoen autobus geltokirako sarbide egoki bat, esaterako". 

"Gabonetako postal honekin Olentzerori eta Errege Magoei umiltasunez eskatu nahi diegu zubiak behar dituen hobekuntzak ahal bezain laster egin ditzatela. Eta horiek 2021ean badatoz, askoz hobeto. Kontua da gutaz ahaz ez daitezela...", adierazi dute. Zubiko irisgarritasuna hobetzeko proiektua martxan dagoela gogora ekarri dute, eta Udala aukera desberdinak aztertzen ari dela, baina auzo elkarteko kideen aurreikuspenen arabera, lanak ez dituzte 2022a baino lehenago hasiko. Horregatik, bizirik mantendu nahi dute egitasmoa, eta euren mezua herritar guztiei zabaldu.
Irudian ageri den zubiaren eta igogailuaren diseinua ez direla benetakoak ohartarazi dute, euren irudimenetik sortutakoak baizik. "1968ko maiatzeko eslogan batek zioen moduan, 'izan errealistak, eskatu ezinezkoa'. Sormena, umorea eta Gabonetako desio bat eskatzen duenaren inozentzia uztartzen ditu gure postalak, espero dugu inor ez haserretzea", esan dute.

2020 12 10 eguberri postala urazandi elkartea elgoibar 2021 v

∞Lotura duten albisteak: