Errege egunera arte egongo dira piztuta Eguberrietako kaleko argiak

Barren.eus 2020ko abe. 3a, 15:12

Piztu dituzte Eguberrietako argiak Elgoibarren, eta urtarrilaren 6ra bitartean girotuko dituzte herriko kale, auzo eta txokoak.

Jada ohikoa denez, argiak 17:30ak eta 23:00ak artean egongo dira piztuta Elgoibarko ohiko puntuetan: Kasko Historikoan (Santa Ana, San Bartolome, Errosario, San Frantzisko, San Ignazio, Antonio Arrillaga, Pedro Miguel Urruzuno eta Pedro Muguruza kaleetan), eraikin publiko konkretuetan, Udaletxea, San Bartolome eliza, Adinekoen Egoitza, Merkatu Plaza edota Kultur Etxea besteak beste. Anbulatorioko lorategia, Giza Eskubideen parkea, Santa Klarako komentua eta Santa Anako biribilgunea ere argiztatutako dira. Eta iaz bezala, aurten ere argiak gune berri askotara iritsiko dira, horien artean Aita Agirrera, Sigmako frontoira, Basarteko parkera, Trenbide kalera eta orohar hainbat auzoetara, Altzolara, San Rokera, Uranzandira, Kurutzelaegira eta Erretsundi, besteak beste.

Pandemia dela eta Eguberri "atipikoak" izango dira, halere eta murriztapenak izan arren, zenbait jardueraz osatutako programazioa antolatu du Elgoibarko Udalak, abenduko kultur agendan kontsultatu daitezkeenak. Aurten, ezinezkoa izango denez Olentzeroren Kalejira eta Erregeen Kabalgata bezalako ekitaldi jendetsurik egin, Udalak, Elgoibar "magiaz eta ilusioz" beteko dituen ordezko egitaraua prestatu du. Argi pizteak, gabon garaian ospatuko diren hainbat ekintzei hasiera emango die, zeinetan segurtasuna eta prebentzioa izango diren nagusi, Udaletik ohartarazi dutenez. Zentzu horretan, "Udalak herritar guztiek, edozein dela ere haien adina, Gabonetako jaiak bizitzeko gogoa eta poza berreskuratzea" nahi du.

2020 12 03 eguberri argiak elgoibar erretsundi