36ko gerrako lehergailua atera du Ertzaintzak San Frantzisko kaleko ganbara batetatik

Barren.eus 2020ko uzt. 17a, 16:13

San Frantzisko kaleko 53. atariko bizilagun batek gerrakoa izan daitekeen lehergailua, edo gutxienez pieza susmagarri bat, topatu du ganbara garbitzen ari zela, eta Ertzaintzako lehergailu-teknikariak etorri dira egiaztatzera.

 Era honetako egoeretarako ezarrita duten protokoloa jarraituz, Maalako parkerako sarbideak itxi ditu poliziak eta 53. zenbakiko bizilagunak etxeetatik atera arazi dituzte, badaezpada, 16:00ak inguruan. Gero, ganbarara igo dira Ertzaintzako lehergailu-teknikariak. Elgoibarko Udaltzaingotik azaldu dutenez, 80 bat zentimetro inguruko pieza bat aurkitu dute eta 36ko gerrako lehergailua den egiaztatzeko eurekin eraman eta aztertzea erabaki dute lehergailu-teknikariek. Elgoibar1936 taldekoek azaldu dutenez, 36ko gerran erabilitako 81mm-tako Valero morteroa da ganbaran aurkitu duten arma.

Bizilagunek jakinarazi dutenez etxean bizitzera sartu berri den bikoteak ganbara garbitzen ari zela egin du topo pieza susmagarriarekin. 112 larrialdi telefonora hots egin dute aurkikuntza egin eta gero. 17:00ak inguruan berriz etxera sartzeko aukera zutela jakinarazi diete ertzainek kalera atera arazi dituzten bizilagunei.

2020 07 17 gerrako granada Elgoibar borja Aranzabe

2020 07 17 morteroa elgoibar sanfrantzizko ganbaran

2020 07 17 lehergailua ertzaintza maala elgoibar

2020 07 17 lehergailua ertzaintza maala elgoibar sanfrantzisko53