Mari Domingiri eskainitako kantua sortu dute

Barren.eus 2016ko abe. 15a, 10:37

Zorionekoa da Mari Domingi. Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleek eta Elgoibarko Izarrako aisialdi taldekoek kantu bat sortu dute bere omenez, eta bideoklipa ere egin dute, Zulueta baserrian Mari Domingirekin berarekin grabatutako irudiekin. 

“Olentzerok badu bere berea, eta Mari Domingikere merezi du beste horrenbeste”, pentsatu zuten Elgoibarko Izarrakoek, iazko Eguberrietan lehenengoz dantzatu zuten Ole, Olentzero! kantuak izan zuen arrakasta ikustean. Kantu berriarekin, gainera, Elgoibarko Izarrak bere egindako balore batzuk lantzeko aukera ere ikusi zuten, genero rolak eta estereotipoak amaitzeko bidean pausoak emateko aukera, alegia. Mari Domingiren figura indartu nahi zuten; Mari Domingi Olentzeroren pareko irudi erreferente bihurtu. Izan ere, Olentzero eta Mari Dominginen arteko botere-harremanak azkurea ere eragiten zien sarri, eta harreman hori orekatu premia sentitzen zuten.

• Inazio Bereziartua Musika Eskolarekin elkarlanean

Kantua sortzeko, baina, laguntza behar zuten, eta Inazio Bereziartua Musika Eskolakoengana jo zuten. Proiektu pedagogiko interesgarria iruditu zitzaien haiei, eta elkarlan horretatik sortu zen kantua. Taldean sortu eta ondu zituzten melodia eta letra. Mikel Etxaniz, Aitor Nova, Juan Carlos Martin, Mikel Olaizola, Ainara Argoitia, Naiara Martin eta Ane Odriak parte hartu zuten, eta Azpeitiko 2noisy grabazio estudioan grabatu eta ekoiztu zuten, Musika Eskolako rock taldekoak lagun hartuta: Amaia Rubio (ahotsa), Danel Legorburu (baterian), Aitor Asenjo eta Iñigo Arrese (gitarretan), Julen Perez Cortes (baxuan), Amaia Lerxundi (pianoan), Alaitz Almortza (tronboiarekin), Noemi Araujo (saxoa) eta Paul Rojo (tronpetarekin). “Esperientzia izugarria” izan dela aitortu du Aitor Novak, bereziki musikari gazteentzat, grabazio estudio batean sartzen ziren estreinako aldia izan delako guztientzat, eta horrenbestez, musika talde profesional batek egingo lukeena probatzeko aukera izan dutelako.

• Zulueta baserrian grabazioa

Kantua ez ezik, bideoklipa ere grabatu dute, gainera. Zulueta baserrian harrapatu dute Mari Domingi bere ohiko zereginetan, eta hantxe grabatu dituzte irudiak. Grabazio egunean, “giro ezin hobea” sortu zela nabarmendu dute Novak eta Etxanizek, eta eskerrak eman dizkiete Zulueta baserrikoei “horren mimo handiz eta ondo” hartzeagatik. Orain, Daixola egitasmoan izena emandako gaztetxoak koreografia prestatzen dihardute, abenduaren 24an Mari Domingiren eta Olentzeroren aurrean dantzatzeko.

Hona abestiaren letra:

Ardixak jeitzi, ortua landu, jo ta ke beti basarrixan,
Mari Domingik edukitzen dau nahikua lan urte guztixan.

Hori dala ta azken aldixan askotan ez dogu ikusi,

Baina aurtengoz ere ez gaitxu bere bisita gabe utzi.

Horra Mari Domingi, horra Mari Domingi

Mendixak elurpian ta kaliak hotz,

Horra Mari Domingi, horra Mari Domingi

Negua epeltzen digun poz.

Asto gainian zakua hartuz, halako egun berezixan.

Etxe danetan poza banatuz, bueltan dogu berriz herrixan.

Dantza ta kantu, salto ta salto gabiltza ume ta nagusi.

Gabon garaixan danon barruan umore ona nagusi.

Horra Mari Domingi, horra Mari Domingi

Mendixak elurpian ta kaliak hotz,

Horra Mari Domingi, horra Mari Domingi

Negua epeltzen digun poz.

maridomingi adarra bideoklipa elgoibar izarra