108 nerabek eman dute izena Gaztelekuko udaberriko eskaintzan

Barren.eus 2021ko mar. 26a, 14:41

Gaztelekuak Aste Santurako antolaturiko ekintzetan 108 nerabek eman dute izena, eta aurreikusitako plaza guztiak bete dira. Arduradunen esanetan harrera "ezin hobea" izan du eskaintzak.

 Elgoibarko Gaztelekuak martxoaren 27tik 31ra eta apirilaren 6tik 11ra arteko egunetarako eskaintza antolatu du, eta arduradunek jakinarazi dutenez, plaza guztiak bete dira. Mota askotako ekintzak prestatu dituzte: Esate baterako, martxoaren 27, 28 eta 30ean surfa egingo dute Zumaian, hilaren 29an sormen tailerra izango dute Gaztelekuan bertan eta 31n, aldiz, Igeldora egingo dute egun pasa. Bestalde, apirilaren 6tik 11ra, paintball-a egingo dute Zornotzan, ihes-gela batera joango dira Zarautzen zein Donostian, eta Gaztelekuan autodefentsa saioa egingo dute.

Gaztelekua  bertan ekintzak egingo diren egunetan soilik zabalduko dute, hau da, martxoaren 29an, apirilaren 10ean eta 11n, hain zuzen ere. Gainerako egunetan lokala itxita egongo da.

Gaztelekuarekin harremanetan jarri nahi dutenek Instagram bidez (@elgoibarkogaztelekua), gaztelekua@elgoibar.org helbidean edo 943 743 228 edo 628 170 330 telefonora deituz egin dezakete.