Bigarren Karlistaldia aztergai, Elgoibarren

Barren 2024ko mai. 7a, 14:09

Bigarren karlistaldia (1872-1876): Foru sistemaren azken urteak izenburuko hitzaldia antolatu dute Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Ilunberri Achademiak maiatzaren 8rako (eguaztena), Elgoibarko Udalaren babesarekin. 

Mikel Alberdi Sagardia historia zale eta Zumalakarregi Museoko historia teknikariak emango du hitzaldia, Aita Agirre kulturgunean, 19:00etan hasita.

1868ko iraultzaren ondorioz Isabel II. tronutik bota zutenean karlistek boterera iristeko ikusi zuten aukeraz mintzatuko da Alberdi, eta bigarren karlistaldiak  lehenengo karlistaldiarekiko izan zituen antzekotasun eta desberdintasunak aztertuko ditu, foraltasunaren amaiera deskribatuz.

'Karlistaldiak: XIX. mendeko gerra zibilak… eta gehiago' izeneko hitzaldi-zikloko bigarren saioa izango da, Joseba Agirreazkuenagak aurreko astean eman zuenaren ondotik.

Mikel Alberdi (Irun, 1962) Zumalakarregi Museoaren artxibo arduraduna da 1989az geroztik, eta horrez gainera, bere proiektu guztien dokumentazioan parte hartu du. Euskal Herriko XIX. mendearen historiari buruzko hainbat artikuluren egilea, Tomas eta Migel Antonio Zumalakarregiren biografiak argitaratu ditu.