Sigman dauden bi palmondo botako ditu Udalak, herritarren segurtasuna bermatzeko

Barren 2024ko ots. 20a, 14:31

Argazkian ikus daitezkeen bi zuhaitzak botako ditu Elgoibarko Udalak, herritarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen zuhaitzak kendu eta ordezkatzeko egitasmoaren barruan.

Herriko zuhaitzak babesteko eta kudeatzeko ordenantza adostu eta martxan jarri du Elgoibarko Udalak. Ordenantza horren baitan herriko zuhaitzen inbentarioa eguneratzen eta aztertzen ari dira, pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen zuhaitzak atzeman, kendu eta ordezkatzeko, betiere "herritarren segurtasuna bermatu eta ingurunea zaintzeko" helburuarekin. 

Sigmako palmondoak
Sigmako fabrika izan zen eraikinaren aurrealdean dauden bi palmondo botatzea erabaki du Udalak, prebentziozko neurri gisa, kalteak saihesteko, eta bereziki, palmondoak bidera erori ez daitezen. Palmondoen enborrak ondoan duen barandan pitzadura handiak sortu dituela ikusi dute. 

Basarteko pinua
Era berean, Basarte auzoan dagoen pinu bat kentzeko asmoa dutela ere aurreratu dute, "goiko errepidearen pareko altueran hazi denez eta ihardura zantzuak dituenez, kendu egingo da segurtasuna bermatzeko", azaldu dute. 

Landaketak Sigman 
Bestetik, zuhaitz landaketak ere egingo dituzte otsailean, Eulogio Estarta kalean eta inguruetan. Guztira 11 zuhaitz eta 117 zuhaitz-landare landatuko dituzte. Zuhaitzak aparkalekuan, iturriaren ondoan, Eulogio Estartaren eskulturaren atzean eta Estarta 11, 12, 13. eraikinen aurreko belardian landatuko dituzte. Landareak, berriz, aipaturiko belardian eta Estarta 14-20 eraikinen aurrean landatuko dituzte.