Agustin Lazarobaster hil da, Mendaron herrigintzari lotua egon den gizona

Barren 2024ko mai. 8a, 17:01

Agustin Lazarobaster, Gaizka semearekin berak muntatutako traktorean.

Agustin Lazarobaster Mendikute hil zen domekan Mendaron, 82 urterekin. Herrigintzari lotutako gizona izan zen, kulturgintzari emana.

Mendaroko dantza taldearekin lotura estua izan zuen Lazarobasterrek gaztetatik. Oso gazte zela hasi zen dantzan, eta 50eko hamarkadaren bukaera aldera herrian sortu zen dantza taldeko txistularia izan zen, Agustin Berasaluze eta Gregorio Vivesekin batera. Mendaro herria sortzeko batzordean ere parte hartu zuen,  ikastolen mugimenduan ere bai, eta Guruzpe kultur elkartean ere bihotz-arima jardun zen, beste mendaroar askorekin batera. Mendaroko Odol Emaileen Elkartea sortu zuen taldean ere izan zen. Gregorio Vives eta Trini Urbieta senar-emazteek, emazte izan duen Mari Jesus Arakistainek eta laurek sortu zuten Mendaroko Odol Emaileen Elkartea eta haiek izan ziren urte askoan elkartearen jarduna mantendu zutenak.

Auzolanari eta herrigintzari emandako gizona izan da Agustin, Mendaron bertan nahiz kanpoan. 2012an, erretiroa hartu berritan, Kongora joan zen Tomas Madinabeitia abadearen eskutik, ura kanalizatzeko lanetan laguntzera, eta bi hilabete egin zituen han, askotariko lanetan. BARRENek 810.alean eman zuen horren berri.

Trinitateko jai-batzordean ere buru-belarri jardun zen osasunak laga zion bitartean. Gabonetan, Olentzero eta Mari Domingiren gidari-lanak ere egiten zituen, berak muntatutako traktorean, eta azkeneko boladan Mendaroko Gazteak taldekoen jantzietarako txintxarriak konpontzen ari zen. Eta eskertu zioten alaba Dorletaren dantza lagunek urte guzti hauetan dantza taldearen alde egindako lana, azken agurrean. Dantza taldekoek dantzarako arkuekin zubia egin zioten Garagartzako eliza atarian, eta plazan agurra dantzatu zion zortzi laguneko dantzari talde batek, lehengo eta oraingo txistulari eta atabalarien laguntzarekin. 

Gregorio Vives, Agustin Berasaluzeren alargun Itziar Lazkano, eta Agustin Lazarobaster txistulariei santanetan eginiko omenaldian.

Agustin Lazarobaster, Agustin Berasaluze eta Gregorio Vives Garagartzako plazan, erretratu zahar batean. Arg: Anjel Bazterretxearen bildumakoa.