Olatz Bizkarguenaga izendatu dute Mendaron zinegotzi, Jabier Muñozen ordez

Barren 2024ko ots. 6a, 07:37

Udalbatzaren urtarrileko ohiko osoko bilkuran izendatu zuten zinegotzi Olatz Bizkarguenaga (EHBildu). Jabier Muñoz ordezkatuko du karguan. 

Joan zen legealdian zinegotzi izan zen Olatz Bizkarguenaga. Batik bat Lurraldetasun batzordean aritu da orain arte etxebizitzari, ingurumenari edota ekonomia garapenari dagozkien gaietan. Zarauzko udaletxean Hirigintza Sailean aritu zen lanean duela urte batzuk, eta gaur egun, Azpeitiko udaletxean egiten du lan. Bizkarguenagak esan du EH Bildu alkatetzan egoteak sortu duen ilusioagatik onartu duela Udalera itzultzea. 

Osoko bilkurak, hilabeteko azken martitzenetan

Zinegotzi berriaren izendapena onartzeaz gain, ohiko osoko bilkuren data aldatzea era erabaki zuten udalbatzaren azkeneko bileran. Orain arte, hilabeteko azken ostegunetan izaten ziren bilkurak, baina aurrerantzean, hilabeteko azken martitzenetan izango dira. Era berean, bilkuren aktak osorik argitaratzea ere erabaki dute. "Orain arte, akten laburpenak baino ez ziren argitaratzen. Jendearen eskaria bazen aktak osorik argitaratzea, eta horregatik egin dugu aldaketa. Aktak interesgarriak dira, hartutako erabakiak ikusteko ez ezik, alderdiek izan dituzten iritzi eta eztabaidak ere jasotzen dituztelako; gardentasun ariketa bat da, azken finean, aktak argitaratzea".