Giro paregabea Morkaikok antolaturiko mendi eski irteeran

Pasa den astebukaeran, martxoak 23 eta 24, Morkaikok Gourette ingurura eginiko mendi eski irteeraz gozatu ahal izan zuten 17 eskiatzailek.

Larunbatean goizean goiz abiatu eta zuzenenan Gouretteko eski-estaziora iritsi ginen, 9:30ak aldera. Eski guneko baliabide mekanikoak erabiliz eski estazioko punturik gorenera iritsi ginen, eta bertatik ekin genion Gourette-Artouste zeharkaldiari. Ibilbidean zehar Tourettes (2.771m.) gailurrera igotzea lortu genuen, udaberriko elur baldintza ezin hobeez gozatuz. Zeharkaldi luze xamarra izan zen arren, eguraldia lagun izan genuen, eta 18:00ak alderako ailegatu ginen Artousteko eski estaziora.

Igandean, berriz, Sanctus (2,482m.) mendia izan zen gure helburua. Ibilbide laburragoa izanda ere, goizaldeko elur gogorrak arretaz ibiltzera behartu gintuen. Egunak aurrera egin ahala eta eguzkiaren epeltasunak lagunduta, aurreko egunean bezela, udaberriko elur baldintzekin tontorra egitea lortzeaz gain, jaitsiera paregabe batekin eman genion amaiera bikaina izan zen astebukaerari. Parte hartu zuten 17 eskiatzaileek, aste bukaera osoan nagusiĀ izan zen lagun arteko giro aparta goraipatu dute.

2019 03 24 morkaiko elgoibar eski irteera Tourettes 2771m