Angel Ibarluzeak plenoa eginda irabazi du Leintz Gatzagako jaurtialdia

Barren 2024ko mai. 3a, 14:35

San Migel taldeko bolari elgoibartarrak plenoa egin zuen Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren seigarren jaurtialdian. 

Hurrengo jaurtialdia Soraluzeko Ezozi auzoan izango da, larunbatean (maiatzak 4), 17:00etan hasita.

Larunbatean (apirilak 27) Leintz Gatzagan jokatu zuten Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren seigarren jaurtialdian 66 bolarik parte hartu zuten, eta horien artean San Migel A taldeko Angel Ibarluzea gailendu zen. Bolari elgoibartarra bikain moldatu zen Leintz Gatzagan, izan ere, hiru jaurtialñditan bederatzi txirlo botata, plenoa egin zuen.

Antolakuntzak, gainera, Luken Martino gaztetxoaren parte hartzea azpimarratu du; plenoa egitetik bi txirlora geratu zela-eta. "Erakustaldi ederra eman zuen; benjamin kategorian aritzen bada ere, nagusien mailan ibili zen". Markina-Xemeingo gaztetxoa eta Elgeta taldeko kidea federatu gabe dago eta, arrazoi horregatik, ez zuen saririk jaso.

Honakoa izan zen bola jardunaldiko sailkapena:

  • Angel Ibarluzea (San Migel), 9 txirlorekin.
  • Gorka Bereziartua (Elgeta), 8 txirlorekin.
  • Olatz Arano (San Joxepe), 7 txirlorekin.
  • Boni Plaza (Elgeta), 7 txirlorekin.
  • Luken Martino (federatu gabea), 7 txirlorekin.
  • Geaxi Ezpeleta (Elgeta), 6 txirlorekin.

Sailkapen nagusiari dagokionez, gaur-gaurkoz Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñozek eusten dio aurreneko postuari; bigarren jardunaldian jarri zen lider eta ordutik eusten dio. Asola Berriko Garikoitz Rodriguez eibartarrak ere tinko eusten dio bigarren postuari. Hurrengo postuetan, berriz, aldaketak izan dira, eta Ibarluzeak egin duen gorakada nabarmendu behar da. Hona hemen sailkapen nagusia:

  • Santos Muñoz (Floreaga), 31 puntu.
  • Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), 28 puntu.
  • Boni Plaza (Elgeta), 24 puntu.
  • Angel Ibarluzea (San Migel), 23 puntu.
  • Erik Muñoz (Floreaga), 21 puntu.
  • Alex Campo (Asola Berri), 21 puntu.

Hurrengo jaurtialdia, zazpigarrengoa, Soraluzeko Ezozi auzoan izango da, zapatuan (maiatzak 4), 17:00etan hasita.