222.000 euroko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak Elgoibarko Izarrari 2024an

Barren 2024ko mai. 3a, 11:35

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteak 2024rako lankidetza hitzarmena sinatu zuten martitzenean, administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzeko eta elkarteak Elgoibarren egiten duen lana babesten eta bultzatzen jarraitzeko.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Amaia Sastre Elgoibarko Izarrako presidenteak sinatu zuten hitzarmena, eta eurekin batera egon ziren sinadura ekitaldian, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduradun Aitor Iriondo, Elgoibarko Izarrako langileak eta Udaleko teknikariak. 

2024an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko, 222.000 euro jasoko ditu aurten Elgoibarko Izarrak, iaz baino 12.000 euro gehiago. Orain arte bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko du Udalak: Euskarara Sailetik 136.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailetik, berriz, 86.000 euro. Elgoibarko  Izarraren izenean, Amaia Sastre presidenteak eskerrak eman zizkion Udalari eta nabarmendu zuen administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela, Elgoibarren euskara eta euskal kultura sustatu nahi badira.