Erlora irteera antolatu dute, '100 urte, 100 mendi' ekimenaren baitan

Barren 2024ko api. 16a, 15:17

Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak 100 urte beteko dituzte datorren maiatzaren 18an, eta mendeurren-egitarauaren barruan 100 urte, 100 mendi' izeneko ekimena antolatu dute.

Apirilaren 27an eta 28an 100 urte 100 mendi ekimena egingo da, non bi federazioetako Euskal Herriko ehun mendi taldek baino gehiagok 100 tontor igoko dituzten. Aldi berean 100 mendiko gailurretara igo eta gailurretan talde argazkiak aterata, une hori betikotu nahi dute antolatzaileek, ‘Mendiurreneko’ – EMFk modu informalean mendeurreneko programazioari eman dion izena– ikurra erakutsita. Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak ere hartuko du parte ekimenean, eta apirilaren 28rako Erlora antolatu duten igoeran hartuko du parte, bi modutara.

  1. Batetik, hileroko umeentzako mendi irteera Erlora egitea erabaki dute. Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira 9:30ean, eta autoetan joango dira Aittolako aparkalekuraino, handik Erlorainoko bidea oinez egiteko. 
  2. Bestetik, CATT Morkaiko Trail taldearekin batera, Elgoibartik hasiko den mendi ibilaldia antolatu dute egun bererako, apirilaren 28rako. Kasu horretan, Kalegoen plazatik abiatuko dira oinez, eta 15 kilometroko ibilbidean ia 1.000 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute Erloko tontorreraino (1030 m.). 9:00etatik itengo dira plazatik.

Talde argazkia Erloko tontorrean, 12:00etan 

Irteera batean zein bestean parte hartzeko ez da izenik eman behar, adierazitako orduan agertzearekin nahikoa dela jakinarazi dute Morkaikotik. Bakoitzak bere kabuz ere egin dezakeela irteera zehaztu dute mendi taldetik. Batera edo bestera izan, parte hartzera animatu dituzte herritarrak. "Baldintza bakarra, eguerdiko 12:00etan tontorrean egotea da, ahalik eta lagun gehien izateko argazkia ateratzeko orduan", eskatu dute.

Guztira 108 klub euskaldunek hartuko dute parte ekimen honetan: 38 Nafarroakoak, 30 Bizkaikoak, 25 Gipuzkoakoak, 14 Arabakoak eta 1 Iparraldekoa.

Antolakuntza benetan pozik agertu da 100 urte 100 mendi jaso duen harrerarekin: “Onarpena bikaina izan da. Jakin bagenekien oso jarduera polita zela, baina kluben jarrera ona ikusi dugu eta, horregatik, asteburu polita izango dela uste dugu. Gainera, EMFtik Euskal Herriko geografiaren gailur guztiak biltzen dituen mapa bat banatu diegu parte hartzen duten entitateei".

Bestalde, esperientzia are gehiago hilezkortzeko asmoz, EMFk fitxa bat eman die parte hartzen duten klubei, igoera xehetasun guztiekin erregistratu ahal izateko eta, horrela, “hain ekitaldi berezia, ilusio handia eragiten digunaoroitzeko ekintzaren bat egin ahal izateko.

100 urteko historia

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako mendi elkarteetako kideek bultzatuta sortu zuten Euskal Mendizale Federazioa, ofizialki Federación Vasco-Navarra de Alpinismo, duela 100 urte: Elgetan egin zuen fundazio-ekitaldia 1924ko maiatzaren 18an. XX. mendean sartzearekin hasi ziren loratzen mendi elkarteak, kirol edota aisiari lotutako beste hainbat jarduerarekin gertatu zen moduan, hein handi batean posizio sozial oneko gizonezkoen eskutik. Euskal mendizaletasunaren historiaz hitz egiten denean, ordea, abiapuntua Etiopian kokatzen du hainbatek, 1848an Anton Abadia euskaltzaleak Buahit mendia (4.437 metro) igo zuenekoa azterlan kartografikoak egiteko. Beste data bat ematearren, 1914a ere sarri antzean aipatzen da, ingurumari horretan lehiaketa antolatu zutelako zenbait mendizalek –hamabost tontor igotzea zuten erronka–, eta orduan ipini zelako lehenbiziko postontzia, Anboton, mendizaleen lorpenen testigu. (informazio osoagoa: argia.eus

'Mendiurrena'

Aberatsa da federazioaren mendeurren-egitaraua. Besteak beste: martxoaren 16an zazpi lurraldeetako mendizaleek Euskal Herriko sei tontor igo zituzten; martxoaren 20an Korrika Elgetatik pasa zenean, mendizaleek kilometroa erosi zuten federazioa sortu zuten leku esanguratsuan; apirilaren 27 eta 28an 100 urte 100 mendi ekimena egingo dute; maiatzaren 18an ekitaldi berezia egingo da Elgetan; eta ekainaren 17an 1974ko Everesterako Tximist espedizioaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa inauguratuko da Gasteizen.