Hauteskunde Kanpaina

Elkarrekin Podemos alderdiko David Soto eta Miren Echeveste izan dira Elgoibarren

Barren 2024ko api. 10a, 16:54

David Soto, Miren Echeveste eta Evaristo Rodriguez Maalan egin duten ekitaldi politikoan.

Aukeratu ezkerra lemapean iritsi da gaur Elkarrekin Podemos alderdia Elgoibarrera. David Soto Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako zerrendaburuak eta Miren Echeveste Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak adierazpenak egin dituzte Maalako parkean, Evaristo Rodriguez Elgoibarko Podemos alderdiko ordezkariaren babesean. 

Garapen digitalari buruz aritu dira besteak beste, eta esan dute Eusko Jaurlaritzak bermatu beharko lituzkeela lanerako baldintza egokiak Euskal Herrian, herritarrak atzerrira joan beharrik izan ez dezaten. David Sotok eraldaketa digitalerako alderdi morearen hauteskunde-programan jaso dituzten proposamen nagusiak azaldu ditu Maalan egin duten agerraldian. Zientzia eta teknologiako inbertsio publikoa %10 handitzea da euren proposamenetariko bat, hurrengo legegintzaldian BPGaren % 3ra iristeko, "Europako batez bestekora alegia". Euskadin ikerketa eta garapeneko inbertsioa % 2,3koa dela egun gogora ekarri du.
Talka-plan bat garatzeko proposamena ere azaldu du, esparru zientifikoan talentu-ihesari buelta emateko. "EHUrekin lankidetzan, beharrezkoa da finantzaketaz hornitzea beharrezko ekosistema bat sortzeko, beren lanbide-eremua trantsizio digital eta zientifikoaren munduan garatzen duten gazteek gure lurraldea utz ez dezaten lan-baldintza eskasen ondorioz", adierazi du. Proposamenekin jarraituz, industrian roboten eta automatizazioaren erabilera arautzeko beharra dagoela esan du, zerga-arloan. "Zerga-tasa berri bat sortu behar dugu automatizazio- eta robotizazio-mekanismoen erabilera zergapetzeko, sektore jakin batzuetako enplegu-galera zerga-figura berri horiek konpentsatu dezaten". Euskadin adimen artifiziala zer den arautzeko lege-proposamena ere hizpide izan du eta nabarmendu du lan-erreformaren garapenean adimen artifiziala dela zergapetu beharreko gaietako bat.

Hezkuntzaren esparruan, Lanbide Heziketan finantzaketa-talka-plan bat sortzea proposatzen du Elkarrekin Podemos alderdiak, digitalizazioarekin eta Euskadik egin behar dituen trantsizioekin lotutako LHko esparru guztiei dagokienez askoz plaza gehiago egon daitezen. "Talka-plan bat sortzea aurrekontu publikoetatik, Lanbide Heziketak zuzkidura handiagoa izan dezan eta eremu horretan ikasle gehiago egon daitezen, produkzio-sarean enplegua sortzeko aukera bat baita".

Miren Echevestek adierazi du Eusko Jaurlaritzaren lidergoa bermatu behar dela trantsizio digitalaren esparruan, "euskararen presentzia bermatzeko eta zibersegurtasunaren alorrean guk geuk ere parte har dezagun; izan ere, gure informazio guztia askotariko zerbitzarietan dago esekita eta horren gaineko segurtasunean ere inbertitu behar dugu, gure informazioa delako hor dagoena”. Eta, gaineratu du, hori guztia ziurtatzeko eta oinarrizko tresna digitalak eta teknologia guztiontzat baliagarria eta eskuragarria dela ziurtatzeko, genero-ikuspegia txertatuko dutela proiektu guztietan. "Izan ere, pobrezia digitala ere existitzen delako, eta pobreziaren aurpegia batez ere emakumezkoa delako, ezinbestekoa da genero-ikuspegia bermatzea guztion ongizatea eta gizarte osoaren garapena ziurtatzeko”, esan du.

Bi hautagaiek apirilaren 21eko hauteskundeetan ezkerra aukeratzea dela bidea esan dute.