Elgoibar Euskadiko tradizio industrialeko herria dela azpimarratu du Bakartxo Tejeriak herrira eginiko bisitan

Barren 2024ko mar. 22a, 13:42

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako EAJ-PNVko zerrendaburua den Bakartxo Tejeria Elgoibarren izan zen atzo, eta Makina Erreminta Museora eta IMH Campusera bisita egiteaz gainera, herriko zenbait etorkinekin batu zen.

EAJtik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eta EAJren Debabarrenako hautagai Eva Juezek eta Ivan Iriondok egin zioten harrera Bakartxo Tejeriari. Euskadi tradizio industrialeko herria dela azpimarratu zuen hautagai jeltzaleak, eta dio horren adierazle garbia dela Elgoibar. "Euskadin dugun gizarte-eredu aurreratua eta ongizate-maila" EAJ-PNVk bultzatutako industria-eredu lehiakorrari esker lortu dela aldarrikatu zuen Tejeriak.

Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa eta IMH Campus fabrikazio aurreratuan eta digitalean espezializatutako hezkuntza-zentroa bisitatu ondoren, herrialdeak duen tradizio industriala izan zuen hizpide. “Industria euskal ekonomiaren funtsezko motorra izan da eta da; EAJ-PNVk beti izan du hori kontuan”, adierazi zuen Museoan eginiko ekitaldian. “Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik hasiera beretik, Euskadiren berpizkunde ekonomikoa politika industrialarekin eta garapen teknologikoarekin uztartu genuen”, adierazi zuen, eta honakoa nabarmendu: “Politika horien ondorioz, laurogeiko hamarkadaren hasieran krisi larrian zegoen industria eta % 25 inguruko langabezia-tasa izatetik EBko batez bestekoa baino indize industrial handiagoak eta % 7tik beherako langabezia-tasa izatera igaro gara Euskadin”. Euskadi Europako Berrikuntza Paneleko "berritzaile indartsuen” taldeko kidea izatea azpimarragarria dela zehaztu zuen.
Alderdi jeltzaleak sustatutako politiketan lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia ere azpimarratu zuen Tejeriak, erronkei eta zailtasunei erantzuteko gai den euskal industria-eredu dibertsifikatua eta lehiakorra izaten laguntzen duela-eta. "Eredu hori indartzen jarraituko dugu", esan zuen.
EAJ defendatzen duen egitura industrial horretan, IMH Campusek eskaintzen duen prestakuntza eta berrikuntza "funtsezkoak" direla-eta, balorean jarri zuen Elgoibarko zentroak eginiko lana, honela: “IMH DUAL prestakuntzan aitzindaria izan da eta bultzatzen duen Enpresa-Hezkuntza binomioaren arteko uztardura ezinbestekoa da irakaskuntzarako eta merkatuaren eta enpresen beharrei erantzuteko”. 
“Industriaren aldeko gure apustua sendoa eta irmoa izan da beti, eta horrela izaten jarraituko du. Horri esker lortu dugu egun dugun gizarte-ongizateko maila: kalitatezko zerbitzu publikoak, eta Estatuko soldata eta pentsio altuenak”, esanez bukatu zuen ekitaldia.

Etorkinekin solasaldia

Makina Erremintaren Museoara eginiko bisitaren aurretik, "Elgoibarren bizi eta lan egiten duten atzerritar jatorriko hainbat lagunekin" berba egiteko batu ziren Bakartxo Tejeria eta Maialen Gurrutxaga. “Elgoibarren eta Debabarrenan esparru guztietan aktiboki parte hartzen duzue, eta zalantzarik gabe, gure herriaren aberastasunari eta ongizateari ekarpen izugarria egiten diozue”, esan zien Tejeriak. EAJtik jakitera eman dutenez, topaketan horretan komunitatearen balioa, aniztasuna eta euskarara hurbiltzearen garrantzia hizpide izan zuten, besteak beste. Parte hartzaileen proposamenak entzun eta jasotzeaz batera egungo zein etorkizuneko erronkei buruz hausnarketak partekatu zituzten. “Euskadi gero eta pluralagoa da, solidarioa, eta kultura zein jatorri ezberdinak dituzten pertsonek osatzen dute gure herria. Aniztasuna aberastasuna da, eta indartu egiten gaitu komunitate bezala”, esan zuen hautagai jeltzaleak topaketaren harira.