Elgoibarko EAJk Uri Buru Batzarra berritu du

Barren 2024ko mar. 21a, 16:30

Iosu Arraiz (presidentea), Alfredo Etxeberria, Bittori Zabala, Fidel Gomez, Ana Santolaya, Julen Etxeberria, Monica Andonegi eta Noemi Otegik osatzen dute Elgoibarko EAJren Uri Buru Batzar berria. 

Zuzendaritza batzorde berritua aurkeztu du Elgoibarko EAJk eta joan zen eguenean egin zuten aurreneko bilera afiliatuekin. Inga Segurola, Maider Lizundia, Aitor Iriondo, Iñaki Alvarez eta Jose Mari Kortaberriak batzordea utzi dute eta haiek egindako lana eskertu dute zuzendaritzakide berriek.

Uri Buru Batzarretik nabarmendu dute "ilusioz eta erabakitasunez beteta" daudela elgoibartarren alde lan egiteko eta "EAJ-PNVren balio eta printzipio demokratikoak sustatzeko". "Uste sendoa dugu herritarrek politikan aktiboki parte hartzeak duen garrantzian, eta egungo erronkei aurre egiteko ideia eta ikuspegi berriak sustatzeko konpromisoa dugu, baina ez ginateke gauden tokian egongo gure aurretik izan ditugun guztien ezagutzarik, konpromisorik eta baliorik gabe”, azpimarratu du Iosu Arraiz Uri Buru Batzarreko presidenteak. Datozen erronkei erantzuteko prest daudela adierazi dute eta nabarmendu dute konpromiso sendoarekin daudela "elgoibartarren zerbitzura lan egin eta Elgoibarren interesak defendatzeko".