Korrika ofiziala igarotzen den egun berean egingo dituzte Korrika Txikiak Elgoibarren eta Mendaron

Barren 2024ko mar. 15a, 11:37

Martxoaren 20an, Korrika ofiziala Elgoibartik eta Mendarotik igarotzen den egun berean egingo dituzte Korrika Txikiak.

Elgoibar Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute Elgoibarren Korrika Txikia, hilaren 20rako. Maalan hasiko dute Korrika Txikia, 15:00etan, eta Kalegoen plazara arteko ibilbidea osatuko dute: Maalan hasi, San Frantzisko kalea, Errosario kaletik Santa Anako Eroski pareraino joan eta Ubitarte kaletik barrena plazara itzuli, San Bartolome kalean behera egin Kultur Etxeraino eta Errosario kaletik barrena plazara itzuli. Bukaeran, mezua irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Korrika Gaztea ere egin izan dute Elgoibarren, baina aurtengorako ez dute antolatu. Elgoibar BHI Instituko ikasleak Korrika ofizialera batuko dira aurten, Goiko errota zubi parean. Handik Txarridunako biribilgunera arteko zatia egingo dute ikasle eta irakasleek. Han agurtuko dute Korrika, eta Maalan elkartu eta eskolarako bidea hartuko dute gero.

Mendaroko Korrika Txikia, goizean

Mendaron ere Korrika ofiziala igarotzen den egun berean egingo dute Korrika Txikia, baina goizez, 10:30ean. Eskolatik irten eta estazioan barrena joango dira eskola-umeak Garagartzara, eta handik, Trinitate kaletik eta autoen norabide berean, San Agustin kulturgune parera iritsitakoan, Landaneko aldapan gora egingo dute Moxuanera, handik plazaruntz joateko. Udaletxe atzetik, botika aurretik pasata, Coviran parera iritsiko dira eta handik aldapa behera eskolaraino. Jolastoki handiko arranpan gora erretiratuko dira.