Mutrikutik Ondarroara irteera egin dute mendizale gazteek

Barren 2024ko ots. 20a, 10:56

Aurreko urtean ez bezala, eguraldiarekin zorte handia edukitzen ari dira aurtengoan umeentzako antolatzen dituzten mendi irteeretan.

Eguraldi eguzkitsua lagun, Gipuzkoa eta Bizkaia batzen dituen itsasertzean barrena ibili ziren, domekan, Morkaikok eta herriko ikastetxeetako gurasoek elkarlanean antolatzen duten mendi irteeran parte hartu zuten lagunek: 30 haur eta beste horrenbeste heldu. Mutrikuko plazatik abiatu zuten ibilaldia eta Galdonamendiraino igo ziren, itsasbazterreko bidetik. "Bide lasai bezain ederra" izan zela azaldu dute. Galdonamendiko kanpinean indarrak berreskuratu eta gero, Saturrarango hondartzarainoko bidea egin zuten, itsas ertzeko pasealekutik berriro Ondarroarano joateko. Bazkal ordurako itzuli ziren Elgoibarrera.
Hurrengo mendi irteera martxoaren 10ean egingo dute, Elgoibar eta Azitain artean.