Haizeak zuhaitz bat bota du Urazandin

Barren 2024ko ots. 9a, 15:34
Haizeak bota duen zuhaitza. Argazkia: Jabi Leon.

Hego haize indartsua eta haize bolada gogorrak izan ziren atzo Elgoibarren, eta ufada gogor horietako baten eraginez lurrera erori zen 50 bat urteko Mimosa zuhaitz bat Urazandi auzoan. 

Auzoa eraiki zutenetik zeraman zuhaitzak auzoan, haur hezkuntzako umeentzako eraikinaren, eta etxebizitzen artean dagoen berdegune batean. Zuhaitzaren inguruko bizilagunek gogoan dutenez, Hilario Esnaola zenak landatu zuen zuhaitza 1975. urte inguruan. Urte horretan amaitu zituzten etxebizitzak eraikitzeko lanak eta hainbat zuhaitz espezie eta landare landatu zituen Esnaolak etxe bueltako berdegunean, urte batzuk geroago eraiki zuten Urazandiko parkearen ondoan. Horietako bat izan zen Mimosa (Acacia dealbata) espezieko zuhaitza. Australia hego-ekialdean du jatorria Acacia generoko zuhaitz espezie honek, eta azkar hazten direla dute ezaugarri nagusietakoa. Hamar metroko garaiera har dezakete, Urazandin zegoenak zuen garaiera, gutxigorabehera.

Enborrean honddo ugari hasi zitzaizkiola eta azken aldian itxura txarra zuela azaldu du zuhaitzaren parean bizi den bizilagunetako batek. "Etxean nengoela entzun nuen krakatekoa, balkoira irten eta zuhaitza erorita zegoela ikusi nuen. Zorionez adar handienak moztuta zituen aurrez, eta zituen adarrak ez da gure balkoietaraino ailegatu. Pixka bat gorago dagoen pinu arbola hori gure balkoietarantz jausiko balitz, aldiz, kalteak eragin ditzake", azaldu du haizeak bota duena baino goraxeago dagoen pinua seinalatuz. 

Ondorengo argazkian zuhaitzak erori aurretik zuen itxura eta zuhaitzaren arrastoak beharginek gaur goizean enbarazutik kentzeko egin dituzten lanen ostean.