Ahotsak

San Blas eguna: "Afan handia zen hemen bedeinkatzera etortzea"

Barren 2024ko urt. 31a, 14:15

San Blas eguneko ohituren berri eman zien Julen Zabaleta Yulenek (Elgoibar, 1921, Eibar 2022) Ahotsak egitasmokoei. 

Ume zela san blasak bedeinkatzera elizara joaten zirela gogoan dauka Julen Zabaletak ahotsak.eus webgunean jasota duten bideo grabazioan. "Kabidu ezinda egoten zan jendia eliz aurrian. Ojangurenek ataratzen zaban argazkixa eta hurrengo egunian ekartzen zaban periodikuak. Eibartarrek pentsatzen zeben bendiziño hori Eibarren bakarrik egitten zala, baiña keba!".
Bedeinkatu beharrekoak pardelean gordeta eramaten zituzten elizara, eta sasoi hartako Elgoibarko abade Makariok agindutakoan zabaltzen zituzten, amak erakutsi eta prestatutako moduan sokatik tira eginda. Eta San Blas egunaren bezperan kandelak eramaten zituzten bedeinkatzera eta umeek elkarrekin gerrak egiteko ere erabiltzen zituzten kandelak, Zabaletak erdi lotsatuta aitortzen duenez. Santa Agedan etxez etxe eta baserriz baserri nola ibiltzen ziren ere aipatzen du. Ikusi bideoan: 

 Gatza, San Blas opilak eta lokarriak bedeinkatzera
Koldo Lizarralderen Festa Herrikoiak Elgoibarren liburuan jasota dagoenez, XX. mendeko lehenengo urteetan gatza, San Blas opilak eta lokarriak bedeinkatzen ziren herrian; hori guztioi, familian eztarriko minik ez izateko.
Gatza janari ia guztiei botatzen zitzaionez, jaki oro gelditzen zen bedeinkatuta. Mende hasieran Elgoibarren egiten ziren San Blas opilek ez zuten antzik gaur egun ezagutzen ditugunekin. Gaur egun, "bollo suizo" izenaz ezagutzen ditugunen antz handiagoa zuten. Gari irina, arrautzak eta esnea ziren haien osagaiak. Gainean, lau punta egiten zizkieten "titiak bezala", eta arrautza gorringoz bustitzen zituzten. Ohitura hori galdu egin zen duela 90 bat urte. Eta opil haien ordez, gaur egun, okindegietan, gozo dendetan eta janari dendetan eros daitezkeenak bezalakoak egiten hasi ziren.
San Blas egunean lokarriak ere bedeinkatzen dira. Batzuetan, lokarri hori fardela (lotutako zapi zuri handia) edo opil paketea lotzeko erabiltzen da. Horrela, dena batera bedeinkatzen da. Tradizioaren arabera, eztarriko minik edo eztulik ez izateko, lepoaren bueltan jarri behar da, eta zortzi egunetan eduki. Bederatzigarren egunean sutara bota behar da kordela. Gaur egun ere, familia askotan gordetzen da errito hori. "Horretaz gain, hainbat lagunek tentsioa edo kolesterola zaintzeko erregimena egin behar izaten duenez, barazkiak eta fruta ere eramaten dituzte bedeinkatzera. Hala eta guztiz, badago bedeinkatzera txokolatea ere eramaten duenik", jaso zuen Lizarralde etnografo elgoibartarrak. Era berean, Elgoibarren ez da sekula egon San Blas gotzain eta martiriaren izenpeko baselizarik. Hala ere, Azkue (San Roke) auzoko baselizan badago santu horren irudi bat. Gainera, parrokian, San Blas eguneko meza guztietan, betidanik egon da ebanjelioaren ostean, ofertorioan alegia, jakiak bedeinkatzeko ohitura.