Gemma Agirregomezkortaren eskutitza Peruko presidenteari

elgoibarren.net 2010ko mar. 10a, 14:58

 
Alan Garcia, Peruko presidenteri idatzi dion eskutitz batean, ufalek kaltetutako herritarrenganako erakutsi duen axolagabekeria eta sentsibilitate falta salatu nahi izan ditu Gemma Agirregomezkortak.

 


 Urtarrilaren amaieran kaosa eta hainbat hildako eragin zituzten ufalen ostean iritsi zen Agirregomezkorta Perura, otsailaren 28an, Miski Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez batutako laguntza banatzera, urtero egiten duen moduan. Aurten, urte zaila izanagatik, 32.878 euro bildu ditu Miski elkarteak Peruko umeak eskolatzeko. Ufalek eragindako kalteen lekuko zuzen aizan da, hortaz, Agirregomezkorta, baina ez dago gustura ikusi duen guztiarekin, inondik inora ere. Elgoibartarren laguntzarekin han gauza asko egin direla eta paraje haietan gauzak nola dauden jakitea merezi dutela uste du Gemmak eta Alan Garcia presidenteari isatzi dion eskutitza elgoibartarren artean ezagutaraztea ere egoki iritzi dio.
 Hona hemen Alan Garciari idatzi dion eskutitza:

Alan Garciari
Gemma Agirregomezkorta nauzu eta Cusco hirian eta inguruetan lan egiten dihardut urte dezentetan, horregatik, elgoibartar-cuscotarra sentitzen naiz.

Ziur nago ez zarela nirekin gogoratuko. Gurpildun aulkia erabiltzen dut eta, behin, Avenida del Sol delako kalean, gure begiek bat egin zuten. Beharbada, nire begiradaren zorroztasunaz ohartuko zinen, izan ere, ahalegin handia egin behar izan nuen zutaz dudan iritzia ez adierazteko.

Zortzi egun dira nire Cusco maitagarrira iritsi naizela eta uholde izugarrien ondorioak ikusita, mina sentitzen dut. Halere, saiatzen naiz nire semebitxien aurrean hori ez adierazten eta nire ahotik irribarreak baino ez ateratzen. Bitartean, zuk erabili duzun zoritxarreko “No ha sido para tanto” esaldiak, ez dauka kalifikaziorik. Alan Garcia, zeinen dorpea zure aitortza!
Nahi ala ez, Cusco, Peruko eskualderik garrantzitsuena da. Turismoak ere ondo frogatzen du izaten dituen bisitekin eta honek, noski, eragina dauka gobernuaren diru-sarreretan, baina egia esan, oso gutxi inbertitzen du eskualde horretan. Horregatik guztiagatik, eta bere esanahi historikoagatik, zure begietako ninia beharko litzateke izan, baina…
Agian, jarrera horrekin  zigortu nahi duzu  hain boto gutxi eman dizun eskualdea? Bada, zerbaiterako balio badizu, esango dizut, botoa eman dizutenek, zure gezurrak sinetsi dituztelako izan dela, nire “compadre”etako batek bezala eta, orain noski, damututa daude.
Oso ondo iruditzen zait Haiti edo Txileko kaltetuei milaka dolar eramatea, izan ere, biktima guztiek behar dute laguntza, baina neure buruari galdetzen diot nolatan ahazten dituzun zeure herriko kaltetuak.
 
Badirudi, hemengo heriotzek ez dutela eraginik zuregan. Zer diozu Pisac-eko Mamasitei buruz? Ez al dizu minik ematen? Edo, agian, beste batzuek pentsatzen duten bezala, “cholas de mierda" batzuk direla uste duzu?

Alan Garcia jauna, egia da, zoritxarrez lehendik ere mendilerroko biztanleok ez zintugula gehiegi maite, baina orain, askoz ere gutxiago. Adierazi nahi dizut parez pare izango nauzula eta Andetarrei animua bidali nahi diet bihotz-bihotzez maite ditudan Euskara eta Qechua hizkuntzetan. Gora cusco! Kausachun Qosqo!