Ane Beitia Osakidetzako larrialdietako zuzendari izendatu dute

Barren.eus 2023ko urr. 2a, 19:53

Osakidetzako larrialdietako zuzendari kudeatzaile berria da Ane Beitia Arriola (Elgoibar, 1965), zortzi urtez (2015-2023) Elgoibarko alkatea izana.

Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da Beitia eta 2015era bitartean, Elgoibarko alkate izan aurretik, alegia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailean eduki zuen azken lanbidea, 11 urtean Polizia eta Larriealdietako Euskal Akademian, Arkauten, irakaslea izan baitzen. Arkauten egin zuen azken urtean prebentziorako teknikari gisa jardun zuen Segurtasun saileko Lan Arriskuen Prebentzio departamentuan. Jaurlaritzako Osasun Sailetik jakinarazi dutenez, sektoreko "Medical Dom" eta "Nextgrup" enpresetarako ere aritu da beharrean Beitia, Osakidetzaren osasun zentroetan zein Gipuzkoako zahar-etxeetan. Bi legegintzalditan Elgoibarko alkate izan ostean, Jaurlaritzaren menpeko lan batera itzuliko da orain, baina goi kargu bat betetzera.

Ane Beitiak Oscar Aller Garcia ordezkatuko du Osakidetzako larrialdietako zuzendari kudeatzaile karguan. Aller joan den abuztuan kargugabetu zuten, "berak hala eskatuta".