Oker birziklatzeak ingurumenari zein ekonomiari kalte egiten diela gogorarazi du Mankomunitateak

Barren 2024ko mar. 19a, 10:07

Debabarreneko Mankomunitateak ia 130.000 euro erabili ditu edukiontzi marroietan oker lagatako hondakinak ateratzeko. Egoera ikusita, hori zuzentzeko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.

Edukiontzi marroian oraindik ere biohondakinak ez diren hondakinak agertzen direla ohartarazi du Debaberreneko Mankomunitateak. Kopurutan, jakinarazi dute iazko ekainetik aurtengo martxora bitartean, 64.568  poltsa desegoki atera dituztela edukiontzi marroietatik eta 2022an eta 2023an, 129.973 euro erabili behar izan dituela edukiontzi marroietan desegoki agertzen diren poltsak ateratzeko.

Gogora ekarri dutenez, "edukiontzi marroira biohondakinak ez diren hondakinak botatzen badira, edukiontzi guztia kutsatzen" da eta ondorioz, ezin da birziklatu. "Beraz, ingurumenari kalte egiteaz gain, eskualdearen ekonomian ere eragin negatiboa du hondakinak ez sailkatzeak".

Denetik nahastuta

Diotenez, egindako azterketetan ikusi dute edukiontzi marroian era desegokian agertu ohi direla ontzi arinak (horira bota behar dira), kartoia (urdinera bota behar dira), beira (berdera bota behar dira), pilak (pilen edukiontzira bota behar dira), eta beste. Azpimarratu dute edukiontzi marroietara bakarrik janari hondarrak bota daitezkeela, betiere poltsa konpostagarrietan, eta, horrela ez egiteak, ingurumenari kalte egiteaz gainera, eskualdeko ekonomiari ere kalte egiten diola.

Txip bitartez itxiko dituzte edukiontzi marroiak

Hori horrela, edukiontzi marroietan hondakin desegokiak azaltzea ekiditeko neurriak hartuko dituela iragarri du Mankomunitateak. Gogorarazi dute aurten txip bitartez itxiko dituztela edukiontzi marroiak eta bide beretik jakinarazi dute hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko duela laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko. Era berean, herritarrei eskaera zuzena egiten die hondakinak "gaika sailkatu ditzaten, eta hondakinen sailkapen egokia etxean landu dezaten".