Sustrai Colina

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2014ko aza. 18a, 11:36
Ahots urratu batek erantzun dio deiari. Biharamuneko ahotsa da; Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bertsolari txapeldunaren ahotsa.

 

Sustrai Colina Baionako Lauga gelan txapela jantzi zuen momentua. Argazkia Sylvain Sencristo.

-Zer moduz joan zen Xilabako finala? Nola ikusi zenuen zeure burua?

Atzetik zaila da saioari pultsua hartzea. Uste dut jendea aski bero zegoela, saioan zehar egon zirela gauza politak, eta buruz burukoan bertso on batzuk segidan kateatzea lortu genuela. Nire buruari dagokionez, egoeraren jabe eta gertatzen ari zenaz kontziente nintzela sentitzen nuen, gaiei erabakimenez heltzen saiatu nintzen, eta nire esku zegoena ahalik eta ondoen egiten.

-Lan asko egin ondotik jasotako fruitua izan omen da txapela.

Ibilbide baten parte da, ez abiapuntu eta ez helmuga. Atzetik ibilbide bat edukitzeak eta aurretik zer egin nahi nukeen argiago izateak lasaitasuna eta konfidantza ematen dizkit.

-Aitor Renteria “Txato”ri eskaini zenion azken agurra: “gauzak egin egiten zituelako”.

Gertuko sentitzen ditudan mundu askotan zebilelako, bere izaerari ez ziolako uko egiten, edozeinekin hitz egiteko prest zegoelako beti, estimatzen nuelako, tipo alaia zelako... Motibo askogatik.

-Non jarri(ko) duzu Txapela?

Suposatzen dut gurasoen etxera iristen den egunean ez dela handik aterako.

-Nolakoak izan ziren txapela hartu aurreko segundoak?

Saioa bukatutakoan nahiko lasai eseri nintzen. Txapelak poz intimo bat suposatzen dit jakina, baina nire satisfazioa ez zegoen txapela janztearen baitan soilik, saio on bat egitearen arabera baizik. Ona izatea zen nire lehen helburua, ez onena izatea.

-Finalaurrekoetan aise nagusitu zinen, Muskildin eta Larresoron. Faboritoa zinen finalean. Zeuk ere ala ikusi zenuen zeure burua txapelketan?

Nik bertsotan egin nahi nuen modua ikusten nuen, urratu nahi nuen bidea, erakutsi nahi nuena, landu behar nuena. Faborito zaren edo ez pentsatzeak ez zidan ezertarako balio.

-“Gaiak ez daude neure esku, puntuak ere ez, bertsoa egiteko modua bai”. Zeuk esana da. Eta nola aritu da Sustrai?

Aukera ikusi dudanean saiatu naiz egin gogo nuena egiten, eta aukerarik ikusten ez nuenean eusten. Hortik aurrera, ez dagokit niri esatea nola aritu nintzen.

-Umorez jardun zenuen. Zergatik?

Umorea badelako gustatzen zaidan ezaugarri bat, gustura erabiltzen dudan tresna bat. Baina ez nintzen beren beregi umorea egiteagatik umorea egitera joan. Ni bertsotan egitera joan nintzen, gai bakoitzaren aurrean agertu nahi nuen bezala agertzeko egokien iruditzen zitzaizkidan tresnak erabiltzera.

-Zer da urruñar batentzat Iparraldeko txapela irabaztea?

Bizitza aldatuko ez didan poz intimo bat. Pribilejiatua sentitzen naiz txapelik jantzi ez arren jendeak bere herriko plazara deitu izan nauelako. Horrek asko laguntzen dit txapelketak erlatibizatzen. Badakit Sustrai entzun nahi zutelako deitzen nindutela, ez inongo txapelduna nintzelako, eta aurrerantzean ere hala izatea espero dut.

-Agurreko bertsoan esan zenuen; “ez zenuela txapelik behar maitatua sentitzeko”.

Hala da. Argi daukat plazak eraman nauela txapelera eta ez txapelak plazara. Egun txarrak izan ditudanean ere beti sentitu dut jendearen maitasuna. Ederra da hori, txapela baino ederragoa agian.

-Nola ospatu zenuen larunbatean?

Lagunekin ogitarteko bat afaldu eta pare bat trago hartu genituen. Ez dut gehiagorako astirik izan. Baina helduko da hori ere.

-Eta igandeko biharamuna nolakoa izan zen?

Poz baketsu eta lasai batekin esnatu nintzen, eta medioekin eta zorion mezuak erantzuten joan zitzaidan eguna.

-Orain bi urte asko sufritu zenuen. Gogoeta baten ostean, aldaketa izan omen da Sustrairengan. Zein unetan iritsi zaizu txapela?

Une onean heldu zait, atzean dudan ibilbideak ziurtasuna ematen didalako eta aurrerantzean egin nahi dudana definitzen ari naizelako. Txapelak bide hori urratzen segitzeko erabakimena eta konfiantza ematea espero dut.

-“Nora eta zeren bila” ba omen dakizun unean. Nora zoaz eta zeren bila?

Neurezko ezaugarriei nire esku dauden beste batzuk gehitzen saiatu nahi nuke, ahal bezainbat kolore edukitzeko nire paletan. Orain arte agertu ez ditudan nire ertz batzuk agertu nahi nituzke, gauzei orain arte begiratu ez diedan perspektiba batetik begiratu, soberan dauden artifizioak kendu... Hori dena koherentzia baten barruan eta sinesgarritasun eta benetakotasunaren bila betiere.

-Zure bizitza pertsonala eta bertso bizitza hurbil daudela esan duzu.

Bai, ezaugarri komunak dauzkate. Bietan izan ditut poz eta satisfazio batzuk, bietan izan ditut aldaketak azken urteotan, bietan ari naiz zer izan nahi dudan erabaki eta eraikitzen...

1706636329571 Sustrai Colina

-Maialen Arzallusi irabazi diozu. Amets egon izan balitz?

Ez daukat Maddalen-i irabazi izanaren sentipenik, ezta Ametsekin galdu izanaren irudipenik ere. Txapelketa lehia ere baden arren, kirol irizpideek ez dute kultur bidea ulertzeko balio.

-Hendaiako bertso eskolan Maddalenen beraren irakasle izan zinen.

Urteak dira ez naizela Hendaiako bertso eskolako irakasle. Kuriosoa da, ordea, Maddalen eta Odei ikasle izan nituela. Berezia da niretzat eurekin final bat konpartitzea.

-15 urte goi mailan. Zer egingo du Sustraik orain?

Orain arte egin dudana, plazetan nire onena ematen saiatu, eta lanean segi.

 

Gaur egun

-Zer bertso kantatuko zenioke Kaskarotenea, Ziburuko ikastolari?

Eusteko, irauteko, denak gaudela Poulou-zioaren aurka.

-Eta Ziburuko auzapez, Guy Poulouri?

Ulertuko al lidake?

-Presoak askatzen dituztenean, gaitegi bat amaituko omen zaio bertsolaritzari.

Ea laster den, baina kartzelak hor segiko duenez, egongo da zeri kantatu.

-Nola ikusten duzu iparraldeko bertsolaritza? Gerorik bada? 30 eskola, 245 ikasle, 1500 entzule finalean.

Galderan dator erantzuna. Geroa ez ezik, oraina ere baduela esango nuke.

-Eta iparraldeko euskara? “Hitzean oinarritzen den artea. Gurea ulertu eta bizitzeko euskaraz jakin behar da. Gu ez gara arte mutu bat, eta ezin gaituzte besterik gabe esportatu”, zeuk esana da.

Ez dira betiko garai onenak, baina pixkanaka-pixkanaka...

-"Esateaz gain, gauzak egin egiten dituztelako", Seaska eta Laborantza ganbera adibide jarrita, Hegoaldeak Iparraldetik asko ikasteko daukala esan duzu.

Eta iparraldeak hegoaldetik. Lehenik eta behin, bi termino horiek eraitsi beharko genituzke, gero elkarren arteko igurtzia bultzatu, eta batez ere, ibili. Ibiltzen direnentzat ez dago mugarik, mugak geldi daudenentzat dira.