Ainara Ladron atxilotu du Espainiako Poliziak

elgoibarren.net 2010ko urr. 22a, 15:42
Ainara Ladron atxilotu du Espainiako Poliziak, ustez Segiren kontrako polizia operazioan. Era berean, eta une honetan, Kimetz elkartea itxita dauka Poliziak, lekukoek jakinarazi dutenez. Beste elgoibartar bat, Edu Castillo, etxetik irteten lagatzen ez diotela, zaintzapean, dauka poliziak. Poliziak, baina, ez dagoela atxilotuta jakinarazi dio Castilloren familiari.
 
 Ainara Ladron atxilotu duten unean, eguerdian, Edu Castillo elgoibartarraren etxean zegoen, eta bere etxera eraman dute gero. Bizpahiru orduz eduki du poliziak Ladron bere etxean, 17:00ak aldean atxilotuta eraman duten arte (goiko argazkian). Polizia Ainara Ladronen etxea miatzen ari zen bitartean, jende ugari batu da kanpoaldean, Toletxegaineko tren geltokiaren inguruan, Ainara Ladroni elkartasuna adierazteko. Bien bitartean, Edu Castillo zaintzapean dauka poliziak bere etxean. Elgoibartar gaztearen familiak Gara egunkariari jakinarazi dionez, poliziak ez dagoela atxilotuta esan dio bere familiari, baina ez diote etxetik irteten lagatzen.
 Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande Marlaska epaileak agindu ditu atxiloketok. Barne Ministerioak 14 atxiloketa baieztatu ditu, baina baliteke gehiago izatea. Hego Euskal Herrian eta Katalunian egin dute polizia operazioa. Segiren zuzendaritza berriro osatzeko bilera eta bilkuretan parte hartzea egotzi diete atxilotuei. 
 Elgoibarko Ezker Abertzaleak elkartasuna eta babesa adierazi die atxilotuei, eta gaur 20:00etarako antolatu duten mobiliziaziora deitu ditu herritarrak. Plaza Handitik irtengo dira mobilizazioan.

 
Lotura duten albisteak: