Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria dantzariek estreinaldi ona izan dute aurresku txapelketan

Barren.eus 2017ko urt. 16a, 11:15

Aurresku eta Soinu Zahar ligaxketako lehen saioa jokatu zuten Legazpin zapatuan. Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria dantzari gazteentzat parte hartzen zuten estreinako txapelketa izan zen eta maila onean aritu zirela jakinarazi dute Inazio Bereziartua Musika Eta Dantza Eskolako arduradunek.

Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, XX. Gazteen Gipuzkoar Aurresku eta XIX. Gazteen Soinu Zahar ligaxketako lehenengo saioak hartu zituen Legazpiko Latxategi aretoak, joan den zapatuan. Aurreskuan mutilak aritu ziren eta soinu zaharrean neskak.
Aurresku txapelketan 2006 eta 2010 urte bitartean jaiotako hamabost mutilek hartu zuten parte, tartean Elgoibarko Inazio Bereziartua eskolako bi ordezkarik, Eneko Etxanizek eta Jon Etxeberriak. Bi dantza egin zituzten, Alpargata edo eskua aldatzeko soinua eta Agurra. Txapelketa batean parte hartzen zuten lehen aldia zen arren, “maila onean” aritu zirela nabarmendu dute Bereziartuako arduradunek.
Txapelketako hurrengo saioa Billabonan izango da, urtarrilaren 28an. Han ere izango dira Inazio Bereziartuako dantzariak: Amaia Sasiain, Oihane Agirrebeña, Aimar Almortza, Markel Goenaga eta Gaizka Uranga, hain zuzen ere.

aurresku legazpi elgoibar v1