Felix Conde elgoibartarra ‘Gu ta Gutarrak’ saioan

Barren.eus 2016ko aza. 30a, 14:52

Euskal Telebistako lehen katean eskaintzen duten Gu ta Gutarrak saio arrakastatsuaren zazpigarren edizioan parte hartzen dihardu Felix Conde gazte elgoibartarrak. Lehiaketan sartu den azken lehiakidea izan arren, indarrez sartu da Conde eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira bertsoa kantatzen ere ausartu da.

Julen Telleriak aurkezten duen elkarbizitza saioa da Gu ta Gutarrak 3x2, eta Euskal Herriko gazte jatorrena bilatzea dute helburu. Lehiakideek asteburuak pasatzen dituzte elkarrekin, eta, ondoren, ETBko platoan kontatzen dituzte han gertatutakoak. Saioa astelehenetik eguenera eskaintzen dute ETB1ean, 21:20an hasita (Nahieran ere ikusi daiteke eitb.eus-en).
Hamabi lehiakidek parte hartzen dute saioan eta Felix Conde elgoibartarra izan da sartzen azkena. 21 urteko elgoibartar honek oso gustuko du pilota txikitatik. Ez du bikotekiderik eta Esti da, bere ustez, 'GTG 3x2'ko neskarik ederrena. Felixen lagunek lotsagabe hutsa dela diote. Momentuz, masajeak ematen baino hobeto moldatzen dela bertsotan erakutsi du.
Larunbat honetan Euskararen Nazioarteko Eguna izango dela-eta, bertsoa kantatu zuen Felixek atzo eskaini zuten saioan, hona hemen une horretako bideoa: