June Loidik eta Maria Balzategik brontzezko domina eskuratu dute euskal selekzioarekin

Barren.eus 2017ko urt. 12a, 14:13

Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko bost jokalarik ordezkatu dute euskal selekzioa Blanesen (Katalunia) jokatu den Autonomi Erkidegoetako selekzioen arteko Espainiako Eskubaloi Txapelketan.

Urtarrileko lehen egunetan jokatu da kataluniako Blanes herrian Autonomi Erkidegoetako selekzioen arteko Espainiako Eskubaloi Txapelketa. Infantil, kadete eta jubenil mailetako selekzioak aritu ziren nor gehiago, eta azken urteotan ohitura bihurtu den moduan, Sanlok ordezkaritza zabala izan zuen euskal selekzio desberdinetan. Hala, Eneko Rubio Martinezek eta Asier Urai Martinek jubenil mailako mutilen selekzioarekin jokatu zuten eta maila bereko nesken taldean aritu ziren June Loidi Etxaniz eta Maria Balzategi Leturiaga. IƱigo Elustondo Mateok, berriz, kadete mutilen euskal selekzioarekin jokatu zuen. Era berean, Donostiako Bera Bera taldeko jokalaria den Nerea Lizarraga Gurrutxaga elgoibartarrak ere hartu zuen parte txapelketan, kadete nesken mailako euskal selekzioarekin, hain zuzen ere.
Emaitzei dagokionez, elgoibartar guztiek lortu zuten lehen fasea gainditzea. Urrunen, baina, jubenil mailako nesken euskal selekzioa ailegatu zen. June Loidi eta Maria Balzategi kide zituen selekzioak hirugarren postua eskuratu zuen.
Jubenil mutilen txapelketa Kataluniako selekzioak irabazi zuen eta euskal selekzioa laugarren postuan sailkatu zen, brontzezko domina jokoan zegoen Andaluziaren aurkako partida galduta.
Euskal selekzioek ez zuten urrezko dominarik eskuratu Blanesen (ikus emaitzak rfebm.net webgunean) baina afizio onenaren saria jaso zuten euskal zaleek.

sanlo elgoibar juneloidi mariabalzategi