400 bat hildako eta zientoka desagertu utzi ditu Sri Lanka astindu duen denboraleak, eta hantxe harrapatu ditu Mendaroko Iosu eta Mikel Sanchez anaiak. Aitortu dute ezustean harrapatu zituela denboraleak, eta beren bizia arriskuan ikusi ez duten arren, une latzak eta estuasun handiak pasatu dituztela, bereziki inkomunikatuta egin dituzten lau egunetan. Ikusitakoak ikusita eta bizitakoak bizita, goibel hitz egin digu Iosuk handik, uste duelako ekaitzak eragindako txikizio guzti hura konpontzeko denbora luzea beharko dutela Sri Lankan. Aldi berean, baina, pozik sumatu dugu, ekaitzak gogorren astindu duen eremutik hegoaldera egitea lortu dutelako eta, ondo bidean, Euskal Herrira ekarriko dituen hegaldia hartzeko moduan izango direlako etzi, abenduaren 4an.