Raidik dibertigarriena, zoroena eta ikusgarriena da Chatarras Raid. Garrantzitsuena abentura da; gozatzea... eta apur bat kaskatuta egotea". Horrelaxe aurkezten dute antolatzaileek Chatarras Raid. Dibertsioa, laguntasuna eta giro ona lehenesten dituzten abenturazaleentzako raida dela azpimarratzen dute aurkezpen-orrian, eta horrexegatik apartatu zuten gure gaurko bi protagonistek Chatarras Raid, Marokon antolatzen dituzten gisa honetako lasterketa ugarien artetik. Izan ere, ezaugarri beretsuko raid ugari izaten dira urtero Marokon, gehienak
Marokotik kanpoko jendeak antolatutakoak. Zalea da halakoena Aitor Larrañaga eta begiz jota ere bazituen lasterketa batzuk Instagramen, baina lankide batek jarri zuen Chatarras Raid probari begira. "Egina zeukan berak aurrez, eta sekulako abentura izan zela esan zidan. Ez nuen asko gehiago behar izan berotzeko", aitortu du. Kuadrillara eraman zuen gaia eta berehala heldu zion proposamenari Gotzon Zulaikak. "Ez zuen hark ere asko pentsatu beharrik izan". Halaxe, itsumustuan, hasi ziren auto bila, eta topatu zuten ezaugarri nagusia betetzen zuen itxurazko bat, Burgosen. Izatez, edozein marka eta modelotako ibilgailuak onartzen dituzte raid honetan, baina auto eta furgonetek gutxienez hamabost urte izan behar dituzte, eta lur orotari-ko ibilgailuek, hogei. "Errazena egin genuen guk, aurrez antzeko lasterketa baten ibilitako gazte batzuei autoa erosi, motorra eta erradiadorea aldatu, eta listo!. Ez dute askorik eskatzen antolatzaileek: takodun pneumatiko indartuak eta karterra estalita eramatea, hango harri artean sarri zulatu eta arraildu ez daitezen. Hori eta autoak azterketa teknikoa egunean izatea".
Derrigor eraman beharrekoen zerrenda, berriz, egina eman zien antolakuntzak: besteen ezaugarri bereko ordezko bi pneumatiko; bi kiloko su-itzalgailu bat; larrialdietako triangeluak; 1.500 kiloko pisua altxatzeko gai den zortzi metroko eslinga bat; Help Flash-a; pala bat, hondarretan hondoratuz gero ere; lotarako kanpin denda bat, eta hamar litroko ontzi bat, erregaiz betea. Osatu zuten eraman beharreko dena, eta eman zuten izena Teruelgo lasterketa baten, basamortuan moldatzeko gai izango zirela ziurtatzeko-edo. Pauso bat aurreratu zuten: "Gai izan gintezkeela ikusi genuen, eta hasi genuen atzera kontaketa".
Urriaren 31 zuten Marokora abantatzeko eguna, eta erlojuaren kontra aritu ziren Renoleta zaharrak behar zituen konponketak eta egokitzapenak egiten, ingurukoen laguntzarekin. Hamabost bat egunen faltan aldatu zioten motorra eta probatzeko astirik hartu gabe abantatu ziren Euskal Herritik, gaur hamabost, Renoletarengan fede handirik gabe, dena esan behar bada. Algecirasera (Cadiz, Espainia) iristea zen Renoletari jarri zioten lehen helburua, 10 orduko beroturik hartu gabea zelako luzaroan, baina Burgosera orduko hasi zitzaien hura arnasestuka. "Golpetik izugarri berotu zitzaigun autoa eta estutu ginen, askorik probatu barik gindoazelako. Jabetu ginen motorretik izotz-kontrakora doan hodietako bat errementatu zitzaiola, baina zortez bagenuen ordezko pieza bat, eta moldatu ginen".
Gainditu zuten mekanikako lehenengo lezioa, autoaren mekanika kontutan jantziegiak izan ezta ere, eta esker oneko agertu zitzaien Renoleta, 21:00etarako Conilen zirelako (Cadiz, Espainia).
Hantxe zuten juntadizoa egitekoa Chatarras Raiden izena emandako 240 bat autok. Kontrolgunea zuten han, bai eta oinarrizko informazioa jasotzeko batzarra ere. Batetik, autoak eskatutako baldintza guztiak betetzen zituela ziurtatzen zieten Conilen, eta bestetik, parte-hartzaile bakoitzak hamar kilo jaki entregatu behar zituen han, antolakuntzakoek lasterketa igarotzen zen lekuko jendeari banatzeko. "Elkartasun keinu txiki bat zen, hutsa, baina derrigorra. Hortik aparte, ahal genuen material guztia inguratzeko eskatu ziguten: arropak, eskolako materiala, haurrentzako bizikletak, gurpildun aulkiak... baina horiek hirugarren etapan laga genizkien herrixka bateko eskola kudeatzen duen gobernuz kanpoko erakunde batekoei. Geuk ere eskatu genizkien arropak Realari, Osasunari eta Euskal Federazioari, eta eraman genuen inguratutako dena. Gustura jaso zituzten han, eta eskertu nahi diet eskuzabaltasuna material hori eman ziguten klubei", azaldu du Zulaikak.
ARGI BERDEA
Bete-beharreko tramiteak eginda, bi ez beste auto guztiek eskuratu zuten biharamunean abentura hasteko baimena. Algecirasen zain zuten ferrya goizeko bostetan Tangerrera abiatzeko. Estatu osotik joandako jendea topatu zuten han, tartean euskal herritar ugari, rotebooka edo ibilbide liburua besapean hartuta denak. Huraxe izango zuten bide-erakusle hurrengo sei egunetan. Sei ziren gainditu beharreko etapak, 1.556 kilometro guztira, eta etapa bakoitzaren bukaeran, antolakuntzaren zigilua jaso beharra zuten nahitanahiez bukaeran domina eskuratzeko.
Nolanahi ere, domina baino sari handiagoa du helmugara minik hartu gabe iristea basamortuan auto zahar batean barneratzen denak. "Hango harri, duna, zulo eta mendi!. Ez da erraza aurrera egitea, eta egia esan akabatuta amaitu dugu, baina oso pozik. Egunean batez beste hamabi ordu egin ditugu autoan. Ez gaude ohituta halako parajeetan ibiltzera. Begiratu batera, begiratu bestera, eta dena da hondarra eta harria. Autotik jaitsi eta oinez egiten genituen tarteka bide zati batzuk, nondik pasatu ikusteko, autoa hondarretan harrapatuta gelditzea azkena zelako, baina ibili gara palekin gurpilak libratzen ere".
440 kilometroko etapa izan zuten luzeena, Tangerretik El Hajebera, baina aldi berean horixe egin zitzaien erosoena ere. "Behintzat errepidetik egin genuen". Zailtasun handienekoa hirugarrena zuten ustez, Kerrandoutik Merzougara artekoa. "297 kilometro ziren eta gehienek hor sufritu zuten gehien. Senperrenak ikusi zituzten askok, baina guk geuk nahiko ondo eraman genuen". Hala ere, zehaztu dute denboraz ondo joan arren, egun bakar batean ere ez direla sentitu gelditu eta parajeaz gozatzeko astia hartzeko bezain libre. "Basamortuan sekula ez dakizu zer gertatuko den, eta han ez dago lasaitzerik. Gameluak, tximinoak eta dortokaren bat ikusi ditugu bidean, baina horixe. Ibilbidean, sortzen ziren auto-ilarak-eta, eta topatzen genituen bidean trabatutako autoak ere, besteoi bidea oztopatzen. Denbora asko galdu daiteke halakoetan, raidaren balioetako bat badelako halakoetan gelditu eta premian dagoenari laguntzea", zehaztu du Larrañagak. Zentzu horretan oso lehiakide eskuzabalak izan dituztela nabarmendu dute biek. Horixe izan da mendaroarren ustez raid honen alde onena: jendearen laguntzeko borondatea, izan han bertakoena nahiz parte-hartzaileena. Deigarria ere egin zaio hori Larrañagari, marokoarren prestutasuna. "Edozer egiten zeudela ere, eurena egiteari laga eta laguntzera etortzen ziren. Harritu nau horrek, eta penatu han ikusi dudan miseriak. Herrixka galduetatik igarotzen ginen eta han hurbiltzen zitzaizkigun haurrak eskua luzatuta, bosteko eske, irribarretsu. Hori egin zait gogorrena, hango miseriak ikustea". Kontzientziarentzako ere pisua egin zaiola aitortu du. "Gu disfrute hutserako joan gara hara, auto bat hartuta, eta kontraste hori ikustea gogorra egin zait, egia esan. Batzuetan pentsatzen dut halakoei esker, zerbait iritsiko zaiela hangoei ere tartean behin, baina...". Egoera horretan egin dieten harrera sekulakoa izan dela esan du Gotzon Zulaikak, nahiz jakin badakien ez direla beti denen gustuko izan ere. "Harrika ere egin zieten batzuei eta lapurreta bat edo beste ere izan zen; arrisku hori bazegoen, baina haserre hori ere, hein batean, ulertzeko modukoa da. Guk geuk ezin dugu ezer txarrik esan", dio.
Gainerakoan, baina, esperientzia "mundiala" izan dela nabarmendu dute. Izan dituzte gorabeherak, zailtasun uneak eta haiei lotutako tentsio-uneak ere bai, baina lagunak zirela joan ziren eta lagun itzuli dira, eta beste lagun ugari eginda, gainera. Gosaldu eta afaldu antolakuntzak jarritako haimetan egiten zuten parte-hartzaile guztiek, eta han sortzen zen giroa apartekoa zela esan dute. Dutxak ere atontzen zizkieten beste haima batean. "Antolakuntza oso ona da. Abentura da, baina segurua, dena dute zainduta". Bazkaldu euren kontura egiten zuten, "kotxean bertan, mokadu bat, sandwicha normalean", eta lo, berriz, etxetik eramandako kanpin-dendan, autoaren ondoan. "Fisikoki tratu handia hartu dugu. 08:00etan irten eta 19:00ak aldera amaitzen genuen eguneko lana. Berriro ere egingo nukeela esango nuke, baina ez behintzat orain bat-batean. Lanean justuko zazpi egunak baino ez genituen eskatu hara joateko, eta deskantsu handirik ez dugu hartu". Domekan 21:30ak aldera etxeratu ziren, eta gaur, astelehena, lan eguna dute. Austriatik batu da hiruko solasaldi honetara Zulaika, telefonoz. Edozelan ere, neke fisikoa aringarri ere gerta daiteke batzuetan buruarentzat, eta alde horretatik asetuta itzuli dira, gozatuta.
Eskola ona ere izan zaie raida beren ofiziorako. Eta eman dute adibide bat. "Etapa baten gasolinaren depositoa zulatu genuen. Erregaia galtzen gindoazela jabetu ginen, gutxi, baina galtzen, eta eskatu genien laguntza Bilboko eta Zornotzako ezagun batzuei. Eskuko xaboirik ba ote genuen galdetu zigun haietako batek, eta guk ez baina bere lagunak bazuen bezperan hotelean hartutako txiki bat eta erakutsi ziguten nola itxi zuloa, xaboiarekin igurtzi-igurtzi eginda". Beste behin, berriz, horixe izan zuten zeruko-argi, gasolina. Erdi galduan zebiltzan baten, ilundu zitzaien konturatzerako eta aurretik zuten autoak errepidean laga zuen gasolina-arrastoari segika iritsi ziren helmugara. Basamortuko ezerezean zerura begira gidatzen dira han bertakoak gau izartsuetan, baina halako dohairik ez gure bi lagunek, eta begiak erdi-itxian lurrera begira-begira egin zituzten kilometro mordoska bat.
"Ondo konpondu gara eta ondo erantzun digu gure traste zaharrak". Abentura honetarako erosi zuten Renoleta, baina hain izan zaie fina, saltzeko baino karino handiagoa hartu diotela. Gaur, Marokora begira jarri zirenean baino fede handiagoa ere badute harengan, eta nork daki ez ote duten beste abenturaren baten nahastuko.
Chatarras Raidekoen laburpen-bideoa:


