Iaz haizete indartsuen ondorioz bertan behera laga genuen mendi irteera egin genuen domekan Intxorta mendira.
Aurtengoan ere ez dugu eguraldia alde izan, baina hala eta guztiz ere 50 haur eta beste horrenbeste nagusi ez ginen kokildu eta egiteko asmoa genuen ibilbide oso-osorik egin genuen. Eguna argitsu esnatu bazen ere, ibltzen hasi orduko hasi zuen euria Elgeta aldean ginela. Eta ez zuen atertu irteera ia guztian.
San Asentsio gainetik igo ginen Intxortaraino, gerra denborako lubaki eta babes leku artean gora. Eguraldia lagun ez genuenez, ezin izan genuen behar bezala gozatu Intxorta gainetik ikusten den paisaia, Bizkaiko ikuspegi ederra baitago. Lasai lasai Asentsiora bueltatu ginen eta bazkaltzeko ordurako Elgoibarren ginen.
Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dugun hurrengo irteera abenduaren 16an izango da. Zumaiatik Zarautzera joango gara mendiz mendi.