Debababarrenean 21 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo. Horietako bi Elgoibarren izan ziren eta beste bi, Mendaron.
Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) Herriko Antzokiko oholtzara igoko da gaur arratsaldean bere bigarren bakarrizketa aurkeztera: ‘FutbolisTOK’. Lehen mailako futbol jokalaria izan zen garaiko pasarteak ekarriko ditu gogora, eta garai hartan bere azalean bizi izan zuen TOK nahasmenduari buruzko kontuak ere izango ditu mintzagai umoregile aiastiarrak. Gaurko emanaldia euskaraz izango da (sarrerak agortuta daude), eta gaur zortzi saio berbera eskainiko du, gaztelaniaz. 19:00etan izango dira bi saioak.
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak sustatuta, janari bilketa solidarioa egingo dute datorren astean Debabarrenean, eta Elgoibarri Pedrosillano motako garbantzuak biltzea egokitu zaio. Merkatu plazan eta ikastetxeetan jarriko dituzte produktuak batzeko guneak.
Fermin Arrese hil da, urte askoan Juan Mugertza Nazioarteko Krosari lotuta egon den gizona. Bihar egingo dute haren aldeko hileta-elizkizuna San Bartolome parrokian, 19:00etan.
Elgoibarko gazteek Elgoibarko lanbide heziketa, unibertsitatea eta industria aurrez-aurre ezagutzeko helburuarekin Elgoibarko Udalak XIII. Ekiten Tailerrak antolatu ditu, IMH, Meka, Arreiturre Institutua eta Elgoibar Ikastolarekin elkarlanean.
Eguerdian eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren inguruko datuak. Atzo, 11.038 proba egin zituzten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, eta 788 kasu antzeman zituzten. Elgoibarren eta Mendaron ez dute kasu positiborik antzeman, baina Gipuzkoan gainditu da 400eko langa, eremu gorrian sartzeko muga. Gaur, 412,52ko intzidentzia-tasa du Gipuzkoak. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, 103 lagun daude ingresatuta, hiru gehiago.